Magna Gurpeak Jumilla hartu zuen menpean

Guaixe 2016ko urr. 17a, 11:50

Irurtzungo taldeak 4 eta 1 irabazi zion Murtziako taldeari

Anaitasuna pabilioiak 2016-2017 denboraldiko lehen partida hartu zuen. Magna Gurpea Xotak Jumillaren kontra jokatu zuen etxean. Irurtzungo taldekoak Eric Martell jokalariaren aldeko kamisetekin atera ziren kantxara. Apendizitis ebakuntza egin berri diote Martelli.

Magna Gurpea gogoekin atera zen kantxara eta berehala jokaldi ederrak sortzen hasi zen. Jumilla ere erasoan hasi zen, baina Asierrek dena gelditu zuen. Dani Saldisek lehen gola sartu zuen 7. minutuan. Araçak bigarrena sartu zuen segituan. Jumilla jokoa gelditzen saiatu zen, baina okerrago izan zen eurendako, talde berdeak bikain defendatu baitzuen. Jesulitok atsedenaldia baino lehen Magna Gurpearen hirugarrena sartu zuen.
Bigarren zatian Jumillak Magna Gurpea gelditzen jakin zuen. Jumillak gola sartu zuen, baina partida bukatzear zegoenean Victorrek talde berdearen aldeko laugarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen lehia. “Partidaren bi zatiak kontrolatu ditugu eta garaipen justua lortu dugu” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Asteazkenean Kopako partida
Movistar Inter FS da ohorezko mailako liderra, 6 punturekin. Magna Gurpea bosgarrena da, 4 punturekin. Asteazkenean Errege Kopako partida jokatuko du Magna Gurpea Xotak Zierbena taldearen kontra, 20:00etan, Zierbenan. Baina liga da Imanol Arregiren taldearen kezka nagusia, ostiralean Kanariar irletara baitoaz, larunbatean, 20:00etan Gran Canaria taldearen kontra aritzeko. Arregik argi du ez dutela ostiraleko partida hipotekatuko Errege Kopagatik.