Ekuatore Gineako umezurztegiak laguntzeko azoka

Guaixe 2016ko urr. 28a, 09:50

Igandean, 10:00etatik 14:00etara Irurtzungo plazan.

Liburuak, diskoak, arropa, sukaldeko tresneria, altzari, jostailu, ordenagailuak, elektratresnak eta abar. Euro bat eta hamar euro artean salgai gehienak, 50tik gora bat behera ere. Guztiak egoera onean. Guztiak bigarren eskukoak. Guztiak igandean salgai. Itxipuru taldeak udazkeneko bigarren eskuko azoka antolatu du. Eta betiko filosofiari eusten dio: egoera onean dauden eta erabiltzen ez diren objektuei bigarren aukera bat ematea, kontsumo arduratsua sustatu eta produktuen salmentarekin elkartasun proiektu bat laguntzea.

Bigarren eskuko azokaren 31. edizioaren bidez biltzen den dirua Solidaridad Navarra con Guinea Ecuatorial, Sonage, elkartea laguntzeko izanen da. Elkarte horrek Ekuatore Gineako bi umezurztegi laguntzen dituzte, han dauden haurrak eta gazteei ingurune eta etorkizun hobea eskaini asmoz. Paula Vigor etxarrendarrak azaldu digunez, bi umerzurtegi laguntzen dituzte: Malabo hiriburuan eta kontinentean dagoen Nkuekoa. “Pobrezia handia dago Ekuatore ginean. Batzuk umezurtzak dira. Beste batzuei, normalean, ama hil zaie eta familia handiak izan arren aitak ezin da haien kargu egin eta seme-alaba bat edo batzuk umezurztegitan uzten dituzte.

Egitasmoak
Sonage elkarteak Maria Inmaculadaren Ahizpak eliza komunitatearekin elkarlanean aritzen da. 2 eta 14urte bitarteko haurrak hartzen dituzten eskolak eta umezurztegiak kudeatzen dituzte. Ahal duten guztietan elikagaiak eta oinarrizko eskola materiala bidaltzen dute. Horretaz aparte bi programa garatzen dituzte. Baten bidez umezurztegietako haurrek udako bi hilabete Nafarroan harrera familiekin pasatzeko aukera dute. Egonaldi horiek osasun azterketak (orokorra, dentista, ikusmena, txertoak) egiteko baliatzen dituzte. Gainera, haurrek familiaren maitasuna jasotzen dute gainera. Aurten 33 haur izan dira horrela.

Bigarren programaren bidez umezurztegietako haurrek Nafarroan ikasturtea ikasten egoteko aukera dute, eta udako bi hilabeteetan sorterrira bueltatzen dira. 18 urte bete bitartean egon daitezke horrela. Programa horretan 20 haur daude gaur egun. Gulinan eta Etxarrenen bizi diren haur bana Irurtzungo Atakondoa eskola publikoan ikasten dute. Sonagetik harrera familia izatera animatu dituzte sakandarrak.

Elkartasun afaria
Ohi denez, azoka egitearekin batera Itxipurukoek egitasmoa laguntzeko elkartasun afaria izanen da. Azaroaren 5ean, larunbatean, 21:30ean izanen da afaria, Iratxo elkartean. Izena eman nahi duenak ostegunera arteko epea du. Iratxo, Pikuxar edo Moncloan eman daiteke izena. 15 euro dira.