Lezioa emanda gailendu zitzaion Magna Gurpea Burelari

Guaixe 2016ko urr. 31a, 11:40

Lehen maila. 4. jardunaldia: Magna Gurpea 5 – Burela 2

Magna Gurpea Xotak Pescados Burela taldea hartu zuen ostiralean Anaitasunan. Sekulako partida jokatu zuten Imanol Arregiren mutilek eta 5 eta 2 hartu zuten menpean Burela.

Talde berdeak hasieratik bukaerara arte dominatu zuen, lehen zatian bereziki, defentsan sendo aritu zen eta erasoan fin. Nafarren jokoari aurre egiteko, atsedenaldia baino lehan eta partida bukaera baino lehen atezain-jokalari formularekin aritu izan behar zuen Burelak.

Rafa Usinek lehen minuturako gola sartu zuen. Bikain aritu zen Usin; makina bat baloi errekuperatu zituen eta Burelako atezainaren ametsgaiztoetako bat izan zen. Imanolen mutilek Burela estutu zuten eta eta Araçak sartu zuen talde berdearen bigarren gola. Atsedenaldia eta gero erasora atera ziren Burelako galiziarrak. Hala ere, Martilek ez zuen aukera alferrik galdu eta Magna Gurpearen hirugarren gola sartu zuen irurtzundarrak. 12 minuturen faltan Burelak Iago Rodriguez atezain-jokalari postuan jarri zuen. Estrategia gaizki atera zitzaien, Eseverrik talde berdearen aldeko laugarrena sartu baitzuen. Aurrerago Usinek bosgarrena sartu zuen. Penalti bikoitz bati esker Burelak lehen gola sartu zuen, eta markagailuan gehiago hurbildu ziren galiziarrak Petryk sartutako golari esker. Baina partida Magnaren garaipenarekin despeditu zen (5 eta 2).

Bere mutilek egindako lanarekin oso kontentu zegoen Imanol Arregi entrenatzailea. “Denboraldi honetan orain arte jokatu dugun partidarik osoena izan da hau. Defentsan lan handia egin dugu eta gol aukera ugari sortu ditugu. Garaipen justua izan da” azpimarratu zuen.

Derbia Tuteran
Movistar Inter da liderra (12 puntu). Magna Gurpea Xota seigarrena da (8 puntu). Larunbatean talde berdearen eta Aspil Vidal Ribera Navarra taldearen arteko 2016-2017 denboraldiko lehen derbia jokatuko da. Partida Tuteran jokatuko da, larunbatean, 18:30ean. “Partida berezia izango da, eta konplikatua” azaldu du Imanol Arregi entrenatzaileak. Sailkapenean 12.a da Aspil Vidal Ribera, hiru punturekin. Bi taldeak irabaztetik datoz, eta jokoan dauden hiru puntuak lortzera aterako dira.