Gazteak, euren egunaren jabe

Maialen Huarte Arano 2016ko aza. 2a, 16:29

Zortzi ehun lagun baino gehiago bildu ziren larunbateko kontzertuetan.

Las tipex taldeak ireki zuen Irurtzunen ospatutako Gazte Eguneko jaialdia. Giroa berotuta, dantzarako tarte handia izan zen gero. Gozategik jarri zuen erritmoa lehenbizi, Los Zopilotes Txirriaus taldeak gero eta Trikiziorekin despeditu zen gaua. Giro paregabea izan zen. Alde txarrik izan bazen, musikaren aldetik etorri zen. Frontoiak eragindako oihartzun handiak eraginda edo, nahasi egiten ziren soinuak.

Parranda ez ezik, ehunka lagun bildu ziren Barazki Gunen bazkari herrikoi batean. Arratsaldean, txarangarekin herrian barna ibili ziren euren eguna ospatzen. Irurtzun eta Arakilgo gazteek antolatu dute hirugarrenez gazte eguna, "autogestioaz, sormenaz eta batez ere ilusioz antolatutako" eguna, oraingoan ere arrakasta handia izan du.

Bi eguneko gazte algara
Larunbatean izan zen egun handia, baina ostiralean ere muntaketa egin ostean afaltzen elkartu ziren hainbat lagun. Ekia taldearen kontzertu akustikoa izan zuten gero eta egun handirako azken prestaketak egin zituzten. Larunbat goizean elkartu eta bazkaria egiten aritu ziren Irurtzun eta Arakilgo zenbait gazte. Besteek, mus txapelketarako eta txapel jaurtiketarako behar zirenak antolatzen aritu ziren.