Folk garaia

Guaixe 2016ko aza. 4a, 12:29

Larunbatean eta igandean, 19:30ean, folk doinuak kultur etxean.

Folk Ametsetan zikloak ez du hutsik egin eta, berriz, gure artean da. Astebururako bi hitzordurekin heldu zaigu zikloa. Kultur etxeko oholtza zapaltzen lehena, bihar, Poloniako Januzs Prusinowski Kompania taldea izanen da. Mazurkaren sorlekua ikuskizuna ekarriko du Irurtzunera taldeak. Poloniak musika-ondare zabala du eta mundu guztira hedatu da. Horren erakusle mazurkak dira. Poloniako landa-eremuetan sortutako doinu horiek munduan barrena bertsioetarako inspirazio-iturri izan dira. Polonesekin ere antzeko gertatu da. Taldeak herri-ondare horren iturri bizitik edan eta gaur egungo ikuspuntutik, ezagutza handia eta trebezia teknikoa batuz, errepertorio berria sortu du.

Larunbateko Poloniako doinuek Euskal Herrikoei utziko diete txanda. Seiren bikotea Jokin Lacalllek (ahotsa eta biolina) eta Onintze Garciak (ahotsa eta gitarra akustikoa) osatzen dute. Igandeko emanaldian, akustikoan, hainbat doinurekin gozatzeko aukera izanen da: pop klasikoa, countrya eta doinu zeltak. Ahots eta soka instrumentuen soiltasunarekin entzulea kantuan erabat murgiltzea bilatzen du bikoteak, apaindurak albo batean utziz, hitz bakoitzari, mezuari garrantzia emanez.

27 urte folk ametsetan
Baztan, Castejon, Lekunberri, San Adrian eta Irurtzungo udalek bat egiten zuten folk musikari bultzada eta haren ikuspegi berri bat emateko garaian. Nafarroako Gobernuak udalek elkarrekin kultura eta arte jarduerak elkarrekin antolatzeko deialdia egin zuen 1990ean eta orduan bat egin zuten bost udalek. Finantzen arloak eragindako krisiaren ondorioak sumatu baditu ere, 27 urte beteko ditu aurten Folk Ametsetan zikloak. Garai batean herriko hiru emanaldi zirenak orain bi dira. Baina, beti bezala, formatu txiki-ertaineko eta kalitate handiko taldeen alde egiten dute udalek. Orain arte zikloan ehundik gora taldek parte hartu dute. Zikloak 33.340 euroko aurrekontua du. Udalek %57 ordaintzen dute, Nafarroako Gobernuak gainontzekoa.