Berdinketarekin bukatu zen derbia

Guaixe 2016ko aza. 7a, 09:43

Aspil-Vidal Riberak eta Magna Gurpea Xotak bina berdindu zuten Tuteran

2016-2017 denboraldiko lehen derbia jokatu zuten, larunbatean, Aspil-Vidal Riberak eta Magna Gurpea Xotak. Tuteran jokatu zen partida, beteta zegoen Tuterako kiroldegian. Magna Gurpea Xotakoak hobeki aritu ziren eta gol aukera gehiago izan zituzten, baina Erriberakoek sufritzen jakin zuten eta Molina atezain bikainari esker, berdinketari eustea lortu zuten.

Hasieran bi taldeak motel hasi ziren; erritmo falta nabaritzen zitzaien. Gehiago aritu ziren defentsan erasoan baino. Erriberakoak hasi ziren aurrerago jokatzen. Imanol Arregirenak estrategia jokaldiak sortzen eta haiek aprobetxatzen saiatu ziren. Horrela, bi abisuen ondoren, Rafa Usinek izkinako sakea bikaina egin zuen eta Roberto Martilek gol ederra sartu zuen. Gol horrek min handia egin zion Aspil-Vidali. Irurtzungoek aukera gehiago izan zituzten, baina ez zuten asmatu, Erriberako taldeko Molina atezaina ikusgarri aritu zelako.

Bigarren zatian partida erabakitzera kantxaratu zen Magna Gurpea. Baina, atzera ere, Molinak berdeen asmoak zapuztu zituen. Magna Gurpearen ametsgaiztoa bilakatu zen Molina. Imanol Arregiren taldea erasoan murgildua zegoen bitartean, Aspil-Vidalek estrategiarekin eraso egin zuen, Rubik berdintzea lortu baitzuen. Magna Gurpeak bere horretan jarraitu zuen, erasoan, eta, azkenean, Araçak Molinaren gotorlekua gainditzea lortu zuen eta Magna Gurpearen bigarren gola sartu. Baina gutxi iraun zuten pozak, bi minutu ondoren Aspil-Vidaleko Minguezek bina berdintzea lortu baitzuen. Bi taldeak saiatu ziren, baina berdinketarekin despeditu zen lehia.

Puntu bat lortzea baino, bi puntu galdu izanaren sentsazioarekin geratu zen Magna Gurpea Xotako Imanol Arregi entrenatzailea. “Bigarren zatia joan den bezala txundigarria da berdindu izana. Hobeak izan gara, bata bestearen atzetik erasotu egin dugu, eta nahiz eta Molinak sekulako partida egin –partidako onena izan da–, huts egin ezin diren gol aukerak daude. Bat bataren kontrako jokaldietan ez baduzu gola sartzen, ezin duzu garaipena lortu” adierazi zuen entrenatzaile irurtzundarrak.

Asteartean Errege Kopako partida Noiaren kontra
Magna Gurpea Xotak galdu gabe jarraitzen du. Egun Palma Futsal da lehen mailako lider berria (13 puntu). Magna Gurpea 7.a da (9 puntu). Ostiralean etxean jokatuko du talde berdeak, Anaitasuna pabilioian, 5 punturekin 10.a den Zaragozaren kontra. Baina lehenago, bihar, asteartean, Errege Kopako final zortzirena jokatu beharko du talde berdeak Galizan, A Coruñako Noia taldearen kontra (21:00).