Magna Gurpea Errege Kopako final laurdenetara

Guaixe 2016ko aza. 9a, 11:53

Final zortzirenetan talde berdeak 2 eta 3 irabazi zion Noiari

Magna Gurpeak Errege Kopako final laurdenetarako sailkatzea lortu du, asteartean Noiaren kontra jokatutako final zortzirenetan 2 eta 3 irabazi ondoren.

Partida oso estua izan zen eta lehen zatian Noiak ederki estutu zuen Magna Gurpea. Hala ere, Imanol Arregiren mutilak aurreratu ziren markagailuan Roberto Martilen golari esker. Baina galiziarrek erremontatzea lortu zuten eta 2 eta 1 aurreratu ziren. Bigarren zatian, ordea, Magna Gurpeak dominatu zuen eta Rafa Usin izan zen protagonista, talde berdeari garaipena eman zizkion bi golak sartu baitzituen. Horrela, 2 eta 3 irabazita, final laurdenetarako sailkatu dira irurtzundarrak.

Galiziatik bueltan eta apenas atsedenik hartu gabe, Imanol Arregiren mutilek ostiralean, 20:30ean Anaitasuna pabilioian Rios Renovables Zaragoza taldearen kontrako ligako partida prestatzeko lanetan murgilduko dira.