Zaragozari irabazita, partidarik galdu gabe jarraitzen du Magna Gurpeak

Guaixe 2016ko aza. 15a, 11:30

Talde berdeak 5 eta 2 irabazi zion Zaragozako Rios Renovablesi eta ostiralean El Pozoren kontra jokatuko du

Lehen mailako sei partida jokatuta, ibilbide egokiari jarraitzen dio Magna Gurpea Xotak, oraindik ez baitu partidarik galdu. Ostiralean, Anaitasunan, Zaragozako Rios Renovables taldea izan zuen aurkari talde berdeak eta 3 puntuak etxean geratu ziren, sufritutako garaipena lortu eta gero (5 eta 2).

Imanol Arregiren mutilei kosta egin zitzaien kantxan kokatzea eta Zaragozako taldeak jokalari nafarrak estutzeko aprobetxatu zuen, baina Magna Gurpeako Asier atezaina adi egon zen. Magna Gurpea izan zen markagailuan aurreratu zena, Yoshikawak sartutako golari esker. Denboraldiko lehen gola sartu zuen japoniarrak eta zaleen txaloak jaso zituen. Baina pozak gutxi iraun zuen Zaragozak berehala berdindu zuelako. Eseverrik berriro Xota aurreratu zuen –hat tricka sartu zuen kapitainak, 3 gol– baina atsedenaldia baino lehen bina berdindu zuen Zaragozak.

Bigarren zatian, penalty bati esker 3 eta 2 aurreratu ziren Imanol Arregiren mutilak. Gol aukera gehiago sortu zituen Magna Gurpeak, baina Zaragozako atezainak guztia gelditu zuen. Bi minuturen faltan atezain-jokalari formularekin jokatu zuen Zaragozak. Hiruna berdintzear egon ziren, baina Asierrek ekidin zuen. Horrela, Eseverrik laugarrena sartu zuen eta Jesulitok, azken unean, bosgarrena.

“Hoberenak izan gara eta irabaztea merezi izan dugu” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. Baina ez zela garaipen erreza izan gaineratu zuen. “Hasieran ataskatuta geunden. Aukerak izan ditugu, baina ez dugu asmatu eta ez baduzu sartzen, sufritzea tokatu zaigu. Hainbat partidatan gertatzen ari zaigu hori. Baina azkenean hiru puntu oso konplikatu eta justu lortu ditugu” nabarmendu zuen. Irurtzungo teknikariak Yoshikawa zoriondu zuen: “Berak gola sartzeko irrikitan geunden. Merezi du” aitortu zuen.

El Pozo zain
Lehen mailako liderra Futsal Sakana da (16 puntu). Magna Gurpea Xota 6.a da (12 puntu). Ostiralean El Pozo Murciaren kontra ariko da Magna Gurpea Xota, 21:00etan, Murtzian. Ligako oilarretako bat da El Pozo, Magnaren azpian dago sailkapenean, 11 puntu ditu eta puntu beharrean dago. Hortaz, partida oso konplikatua izango dute berdeek.