El Pozo-Magna Gurpea: ahazteko moduko partida

Guaixe 2016ko aza. 21a, 11:47

Murtziako taldeak 8 eta 2 irabazi zion talde berdeari

Ahazteko modukoa. Ostiralean El Pozo Murtziaren kontra Magna Gurpea Xotak jokatutako partida halakoa izan zen. Orain arte partidarik galdu gabe zebilen Irurtzungo taldea, baina 7. jardunaldi honetan ezinezkoa izan zen. Imanol Arregiren mutilek ez zuten partida ona egin. Partida hasi eta berehala aurreratu zen El Pozo Murtzia. Etengabe erasotu zuten murtziarrek, eta 11 minututan hiru gol sartu zituzten. Eseverrik talde berdearen lehena sartu zuen, baina berehala iritsi zen El Pozoren erantzuna: beste bi gol. Araçak talde berdearen bigarrena sartu zuen eta partidan sartuko zirela zirudien, baina onartu beharra dago Magnaren azken minutuak benetan kaxkarrak izan zirela, ahazteko modukoak. Bukaeran 8 eta 2 gailendu ziren murtziarrak.

“Ez genuen horrenbesteko aldearekin galtzea merezi izan. Lehen zatian 14 aukera izan genituen eta El Pozok 6, baina haiek haztatu zuten eta guk, aldiz ez” azaldu zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak. “Partidara baja batzuekin iritsi gara eta beroketan beste bi jokalariren baja izan dugu. Errotazioak egiteko sekulako arazoak izan ditugu eta bigarren zatirako hilak zeuden gure jokalariak” gaineratu zuen Arregik.

Izan ere, galtzeaz gain, Yoshikawa aldageletara bidali zuen arbitroak eta Victor lesionatu egin zen. Bizpahiru hilabete bajan eman beharko ditu, eskuin hankan haustura izan eta gero. Jesulitok ezin izan zuen jokatu, gastroenteritisak jota. Honi Eric Martelen baja gehitzen bazaio –apendizitis ebakuntza egin zioten eta osatzen dago– Magna Gurpea Xotaren panorama ez da egokiena ostiralean Levanteren kontra jokatu beharreko partidari begira. Izan ere, horrenbeste bajarekin, errotazioak egiteko zailtasunak ditu talde berdeak eta finkoak diren jokalariek hustuta bukatzen dute.

Ostiralean Levanteren kontra
Lehen mailan Palma Futsal da liderra (19 puntu). Magna Gurpea Xota zortzigarerna da (12 puntu). Ostiralean talde berdeak 5 punturekin jaitsiera postutan dagoen Levante taldea hartuko du, Anaitasunan (20:30ean). Ea garaipenaren xendara itzultzen diren Imanol Arregiren mutilak.