Ederki sufrituta, 5 eta 1 irabazi zion Magna Gurpeak Levanteri

Guaixe 2016ko aza. 28a, 11:58

Ostiralean Palma Futsal liderraren kontra jokatuko du talde berdeak

El Pozoren kontra 8 eta 2 galdu eta gero, Levanteren kontra irabaztea, hori zuen buruan, ostiralean, Magna Gurpea Xotak. Denboraldi honetako partidarik jendetsuenean –2.350 zale bildu ziren Anaitasunan–, indarkeria matxistaren kontrako pankarta erakutsi zuten jokalariek.

Ederki sufritu behar izan zuten Imanol Arregiren mutilek Levante menpean hartzeko. Izan ere, lehen zatian bi taldeak parez pare ibili ziren. Baja garrantzitsuekin zegoen talde berdea: Victor eta Martel lesionatuta eta Yoshikawa zigortuta. Horrela, errotazioak behar bezala egiteko zailtasunak izan zituen Magna Gurpeak. Denbora pasatu ahala Levanteren presioa gainditzen hasi zen talde berdea, gol aukerak sortzen, baina Levanteko atezainak berdeen jaurtiketak bikain gelditu zituen. Husnako berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira eta bigarren zatian erabaki zen partida.

Bigarren zatian erabaki zen
Lehia biziarekin hasi zen bigarren zatia. Eseverrik aurreratu zuen Magna, 29. minutuan. Baina hurrengo minutuan berdintzea lortu zuen Levantek. Levante bigarren penaltia eragiten saiatu zen, Xotak dagoeneko 5 falta zituelako, baina berdeek eutsi zuten. Imanol Arregik Araça atezain-jokalari postuan jarri zuen. Ongi atera zitzaien estrategia, Jesulitok bigarrena sartu baitzuen. Dani Saldisek hirugarren gola sartu zuen berehala, eta Levantek Marquez atezain-jokalari jarri zuen. Baina Alicantekoei ez zitzaien ongi atera, atea hutsik zutela sartu baitzuen Eseverrik laugarren gola. Eta partida despeditzear zegoela, baloi bat lapurtu zuen Araçak eta bosgarren gola sartu zuen.

Imanol Arregik hiru puntuak lortzearen garrantzia nabarmendu zuen. “Partida oso gogorra izan da, sufritua. Markagailuak ez du islatzen parekotasun hori, baina bi taldeak parez pare aritu dira. Ezinbestekoak diren jokalarien hutsunea nabaritu dugu, baina taldeak sekulako esfortzua egin du” azpimarratu zuen Arregik.

Liderraren kontra
Palma Futsal da lehen mailako liderra (19 puntu). Magna Gurpea Xota zazpigarrena da (15 puntu). Hain zuzen ere, Palma Futsal liderraren kontra jokatuko du talde berdeak ostiralean Mallorcan.