Magnak liderra estutu zuen baina hiru puntuak Madrilera joan ziren

Guaixe 2016ko abe. 12a, 11:50

Inter Movistarren kontra galdu eta gero, Magna Gurpeak XXX izango du arerio

Ostiralean Magna Gurpea Xotak Inter Movistar liderra hartu zuen Anaitasuna pabilioian. Imanol Arregiren mutilek hasieratik bukaeraraino borrokatu egin zuten, bikain jokatu zuten, baina jokaldiak borobiltzea, hori falta izan zitzaien. Aldiz, Inter Movistar efektiboagoa izan zen eta Iruñean jokoan zeuden hiru puntuak bereganatzea lortu zuen (1 eta 4).

Liderraren kontra zuen guztia eman zuen Magna Gurpea Xotak. Partida bikaina jokatu zuten, Anaitasuna bete zuten 3.000 zaleen laguntzarekin. Jokaldi ugari sortu zituzten eta Inter Movistarren kontrako erasoak etengabekoak izan ziren, baina punteria faltagatik joan zitzaien partida. Nahiz eta talde berdeak jokaldiak sortu, Inter Movistar izan zen markagailuan aurreratu zena, 16. minutuan. Aldiz, berdeen jaurtiketak zurtoinetara joan ziren. Bigarren zatian joera berberak jarraitu zuen: aukerak, etxekoenak, baina punteria, bisitariena. Horrela, 0 eta 3 aurreratu zen  Inter Movistar. Azkenean Rafa Usinek gola sartzea lortu zuen eta Imanol Arregik atezain jokalari formularekin arriskatzea erabaki zuen. Tamalez, gaizki atera zitzaien, Herrerok Inter Movistarren laugarrena sartu zuelako. Horrela, 1 eta 4arekin despeditu zen lehia.

Imanol Arregik adierazi zuen galdu izanagatik “triste” baina bere jokalariek egindako lanarengatik “pozik” zegoela. “Beste emaitza bat merezi izan dugu. Sekulako partida jokatu dugu, bukaera izan ezik. Nolanahi ere taldeak sekulako esfortzua egin du eta errotazioak egiteko bi jokalari gutxiago ditugu. Eurek kontrako atean asmatu dute eta guk ez, hori izan da bi taldeen arteko diferentzia bakarra, jokoaren aldetik ez delako egon. Jota noa, baina nire taldeak egindakoarengatik harro” nabarmendu zuen entrenatzaileak.

Santiago Futsal, hurrengo arerioa
Movistar Inter taldeak jarraitzen du lider (24 puntu), baina Bartzelona bi puntu eskasera du. Magna Gurpea Xota zortzigarrena da (18 puntu). Ostiralean 10 punturekin sailkapenean hamargarrena den Santiago Futsal izango dute aurkari irurtzundarrek, Santiagon (20:45).