Magna Gurpea: azken segundoan ihes egin zuten hiru puntuek

Guaixe 2016ko abe. 19a, 11:12

Punteria faltak kondenatu zuen, atzera ere, talde berdea. Asteazkenean Catgas Energia taldea hartuko dute Iruñean (21:00etan, Teledeporte)

Ostiralean Galizian jokatu zuen Magna Gurpea Xotak, Santiago Futsalen kontra. Gol aukerak eta jokoa kontuan hartuta, talde berdeak merezi izan zuen irabaztea. Baina punteria eta zorte faltagatik, azken uneko zorigaiztoko jokaldi bati esker 3 puntuak Galizian geratu ziren.

Santiago Futsalekoak aurreratu ziren markagailuan. Imanol Arregiren mutilek gol aukera bikainak sortu zituzten, baina Santiagoko Chema Mella atezaina bikain aritu zen eta berak gelditu ez zuena zurtoinak gelditu zuen. Santiagokoek bigarrena sartu zuten eta orduan iritsi zen Magna Gurpearen erantzuna. Irurtzundarrek partidari buelta ematea lortu zuten. Eseverrik berdeen lehen gola sartu zuen eta horrela iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Araçak eta Dani Saldisek 2 eta 3 aurreratu zuten Magna Gurpea, baina hiru minutu eskasera Santiagok hiruna berdindu zuen. Horrela, arriskatzea erabaki zuen Imanol Arregik eta atezain-jokalari formularekin jokatu zuen talde berdeak. Eta, azken segundotan,  berdeendako zorigaiztokoa izan zen jokaldi batean, garaipenaren gola sartu zuten galiziarrek (4 eta 3).

Imanol Arregi gertatutakoa ezin sinistu zegoen. “Bigarren zatian nagusiak izan gara. Gol jokaldi asko sortu ditugu, baina ez dugu asmatu. Eta, azkenean, partida bukatzear zegoela galdu dugu. Ez dut halako emaitza injusturik gogoratzen, egia esan. Mota guztietako gol aukerak izan ditugu, baina beraiek bukaera aldera estutu dute eta gure akats batengatik irabazi dute. Hau horrelakoa da: beraiek sartu zituzten, eta guk ez” adierazi zuen teknikariak.

Asteazkenean Catgas Energiaren kontra Iruñean
Sailkapen orokorrean, Bartzelona da liderra (25 puntu). Magna Gurpea Xota zortzigarrena da (18 puntu). Asteazkenean, hurrengo jardunaldian, talde berdeak sailkapenean hirugarrena den Catgas Energia (23 puntu) taldea hartuko du, Santa Colomako talde handia. Partida 21:00etan jokatuko da, Anaitasuna Pabilioian, eta Teledeporte kateak eskainiko du zuzenean.