Magna Gurpeak Catgas hartu zuen menpean (4 eta 2)

Guaixe 2016ko abe. 22a, 09:19

Abenduaren 30ean Bartzelona liderra hartuko dute berdeek

Aurreko astean Santiago Futsalen kontra azken unean zorigaiztoko jokaldi batean galdu eta gero, eta nahiz eta jokalarien lesioengatik baja asko izan, Magna Gurpea Xotak Catgas Energia taldea hartu zuen menpean asteazkenean Anaitasunan jokatutako partidan. Partida bikaina egin zuten Imanol Arregiren mutilek. Jokoa kontrolatzen jakin zuten eta, nahiz eta bajengatik soilik 3 errotazio izan, defendatzen ere jakin zuten eta 4 eta 2 irabaztea lortu zuten.

Araçak Magna Gurpea aurreratu zuen, laugarren minuturako. Behin eta berriz saiatu ziren berdeak, eta Roberto Martil irurtzundarrak bigarren gola sartu zuen 16. minutuan. Atsedenaldia baino lehen Dani Saldise irurtzundarrak hirugarrena sartu zuen. Bigarren zatian Catgas Energiakoek gola sartu zuten, baina berehala iritsi zen Jesulitoren gola, Magna Gurpearen laugarrena. Catgasekoek atezain-jokalari formularekin jokatu zituzten azken minutuak. Bigarren gola sartu zuten, penaltyz, baina Magnak ongi defendatu zuen eta hiru puntuak etxean geratu ziren.

Imanol Arregi kontentu zegoen garaipenagatik. “Garaipena justua izan da. Bukaeran sufritu dugu, talde bikaina delako Catgas, kalitate handikoa eta guk baino errotazio gehiago dituelako. Nekatuta bukatu dugu, errotazioa ez genuelako, baina garaipena lortu dugu. Taldearengatik nago pozik, bereziki” nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak.

Bartzelona da liderra (28 puntu). Magna Gurpea Xota seigarren postura igo da (21 puntu). Hain zuzen ere hurrengo jardunaldian Bartzelona liderra hartuko du talde berdeak etxean, Anaitasuna pabilioian, 20:30ean. Klubari laguntzeko eguna izango da.