Gasteizko New Team taldea garaile Irurtzunen

Guaixe 2016ko abe. 22a, 11:37

I. Emakumeen Areto Futbol Txapelketan 10 talde aritu ziren

Irurtzungo Guan taldeak Gabonetarako 12+12 orduko areto futbol txapelketa antolatzen du. Baina aurten Gabon gaua, Pazko eguna, Gabon zahar eguna eta Urteberri eguna asteburuan direnez, datarik gabe egotean txapelketa ez antolatzea erabaki zuen taldeak. Horren partez, abenduaren 6an I. Emakumeen Areto Futbol Txapelketa antolatu zuten.

Txapelketa oso arrakastatsua izan zela adierazi digu Guan taldeko Roberto Martil irurtzundarrak, aldi berean Magna Gurpeako jokalaria denak. “10 talde aritu ziren: Xota (Irurtzun), Taka Tiki (Irurtzun), Altsasu A, Altsasu B, Orbina (Ezkaba), Kutxufletas (Barañain), Mutilbera (Mutiloa), Aoiz, Dulantzi (Araba) eta New Team (Gasteiz). Finalerdietan New Team taldeak Kutxufletasi irabazi zion eta Dulantzik Xotari. Eta arabarren artean jokatutako finalean New Teamek irabazi zuen torneoa, Dulantzi menpean hartu eta gero. New Team taldekoak izan ziren torneoko atezain eta jokalari onenak” azaldu digu Martilek.