Roberto Martilek 300 partida jokatu ditu Xotarekin

Guaixe 2017ko urt. 3a, 14:53

Bartzelonaren kontrako partidan bete zituen 300 partidak irurtzundarrak. Klubak kamiseta berezia oparitu zion eta jokalariak guztien zorionak jaso zituen

Abenduaren 30ean Magna Gurpea Xotak Bartzelona liderra hartu zuen etxean. 3.000 zale bildu ziren Anaitasunan. Partida berezia zen, are bereziago klub berdearekin bere 300. Partida jokatu zuen Roberto Martil irurtzundarrarendako. Data berezi hori kontuan hartuta, klubak Martil omendu nahi izan zuen eta irurtzundarrak kamiseta berezia eta jokalari guztien errekonozimendua jaso zuen.

Partidari dagokionez, bi taldeak parez pare ibili ziren baina nahiz eta Eseverrik Magna Gurpea aurreratu, azkenean Bartzelonak 1 eta 3 irabazi zion talde berdeari. “Taldeak partida ona egin du, bi taldeak paretsu ibili gara, baina betikoa, baloiak ez zuen sartu nahi, markatzea falta izan zaigu. Justuena berdinketa izango litzateke, aukera asko izan ditugulako, baina Bartzelonak irabazi du” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran.

Jaen eta Peñiscola, arerio zuzenak
Bartzelona da lider (31 puntu), Movistar Inter taldeari puntu bat aterata. Magna Gurpea Xota 8.a da (21 puntu). Aste honetan ligako bi jardunaldi jokatuko dira. Ostegunean bere puntu berberak dituen eta sailkapenean zazpigarrena den Jaenen kontra ariko da Magna Gurpea Xota, Jaenen (18:00) eta igandean, 21:00etan, Anaitasunan, 23 punturekin sailkapenean seigarrena den Peñiscola hartuko du talde berdeak. Biak lehia garrantzitsuak dira, sailkapena baitago jokoan, eta onena opa diegu irurtzundarrei.