Magna Gurpeak Espainiako Koparako sailkapena du jokoan bihar

Guaixe 2017ko urt. 9a, 11:03

Larunbatean Jaenen kontra galdu eta gero, bihar Anaitasunan Peñiscolaren kontrako partidan erabakiko da Espainiako Koparako sailkatzen den ala ez

Ostiralean Jaen taldearen kontra lehiatu zen Magna Gurpea Xota eta Imanol Arregiren mutilak punturik gabe itzuli ziren Jaenetik, 4 eta 3 galdu eta gero. Ondorioz, Espainiako Koparako sailkatzea oraindik airean du Magna Gurpeak.

Magna Gurpea Xota aurreratu zen markagailuan, 6. minutuan Rafa Usinek sartutako golari esker. 8 minutura Jordi Campoyk berdindu zuen eta handik gutxira talde berdearen bigarrena sartu zuen Araçak. Tamalez, atsedenaldirako segundo batzuen faltan bina berdindu zuen Mauricinhok, penalti bikoitzari esker. Bigarren zatia hasi eta berehala Roberto Martilek berdeen hirugarren gola sartu zuen. Partida bukaerako minutu baten faltan Jaeneko Solanok hiruna berdindu zuen, faltaz. Magna-Gurpeak atezain-jokalari postuan jarri zuen Yoshikawa, baina estrategia gaizki atera zitzaien berdeei, seigarren falta egin baitzuten. Horrela, penalti bikoitzari esker, azken segundotan garaipena lortu zuen Jaenek, 4 eta 3.

“39 minutuz irabazten joan gara eta azken minutuan Jaenek markagailuari buelta eman dio estrategiazko bi jokaldiri esker. Hau da areto futbola eta jasotako kolpeaz osatu beharra dugu, ez dago besterik. Astearteko partidarako prestatu behar dugu, Espainiako Koparako sailkatzea baitugu jokoan” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Bihar Peñiscolaren kontra, Koparako sailkatzea dago jokoan
Izan ere, bihar, ilbeltzaren 10ean, asteartearekin, lehen mailako ligako 15. jardunaldia izanen du jokoan Magna Gurpeak. Momentuz lehen mailako liderra Barcelona da (34 puntu) eta Magna Gurpea 8.a  da (21 puntu). Talde berdeak 24 punturekin sailkapenean 7.a den Peñiscola Rehabmedic taldea hartuko du asteartean, 21:00etan, Anaitasunan. Partida erabakiorra da, Espainiako Koparako sailkatzea edo ez baitute jokoan bi taldeek.