Ezbeharretik onik

Guaixe 2017ko urt. 23a, 13:12

Suhiltzailea tximinia bateko sutea itzaltzen.

Karbono monoxidoa arnasteagatik familia bereko lau kide toxikatu ziren.

Andia karrikan bizi den familia bateko gurasoak eta 3 urteko haurra osasun etxera joan ziren larunbatean, seiak aldera. Ondoeza, zorabioak eta buruko mina zituzten. Medikuek karbono monoxidoa (CO) arnasteagatik toxikatu zirela susmatu zuten. Gainera, jakin zutenean 14 urteko semea etxean gelditu zela larrialdietara deitu zuten. Iruñeko suhiltzaileek ohean zegoen mutila ia konorterik gabe erreskatatu zuten. Etxetik atera eta oxigenoa eman zioten. Etxetik anbulantzian osasun etxera eta handik, familiako kide guztiekin batera, Iruñeko ospitale gunera eraman zituzten.

Suhiltzaileek CO maila handiak atzeman zituzten pisuan. Antza, butano-gasa gaizki erretzen zuen eta gau guztian erabili izan zuten sukalde batek eragin zuen toxikatzea. Suhiltzaileek etxea aireztatu egin zuten.