Jose Beloki (Geroa Bai), Enko Compains (EH Bildu) eta Iñigo Pascual (Ahal Dugu) erabakitze eskubidearen inguruan hizketan ariko dira bihar, Maialen Huarte Euskalerria Irratiko kazetaria moderatzailea dela. Irurtzungo Gure Esku Dagok antolatu du mahai ingurua. Taldeak erabakitze eskubideari buruzko herri galdeketa prestatzen ari da garagartzaroaren 18rako, eta eskubide horren inguruan iritzi desberdinak ezagutarazteko balioko du biharko saioak.
Herri galdeketa antolatu ahal izateko Irurtzungo Gure Esku Dagok herritarren erroldaren %10aren sinadurak jaso behar ditu. Taldekideak langintza horretan buru-belarri ari dira. Nahi duenak bihar sinatzeko aukera izanen du. Inauterietan ere kalera aterako direla jakinarazi digute. Otsailean despedituko dute sinadura bilketa. Irurtzungo Gure Esku Dagoko kideak orain arte herritarrek aurkezpenean, kriseilu gauean, sinadura bilketan eta bestelakoetan emandako erantzunarekin pozik daude. Bakarren batek haiekin harremanetan jarri nahi badu Facebook sare sozialean duten profila erabil dezakete.