Irurtzungo emakumeen taldeak, Kultur kontseiluaren eta Irurtzungo Udalaren laguntzaz, beste behin martxoan Emakumeari Buruzko Jardunaldiak antolatu dituzte. Emakumeen Eguna dela eta hilabetean zehar hainbat ekimen izanen dira. Egitaraua gaur, 19:00etan Etxarrengo elkartean mustuko da. Mustang filma ikusgai izanen da eta ondoren hari buruzko zineforuma izanen da. Iritziak partekatu eta gero otamena izanen da guztiendako.
Jardunaldietan ohikoa da Iruñeko zinema-toki batera irteera egitea. Hori asteazkenean izanen da. Joan nahi dutenek 18:00etan dute hitzordua plazan. Gainera, asteazkenetik aurrera Ixildutako emakumeen erakusketa ikusgai izanen da osasun etxean.
Kultur eskaintza
Antzerkiak eta musikak ere tokia dute Emakumeari Buruzko Jardunaldien egitarauan. Heldu den ostiralean, hilak 10, Detritus Teatro taldeak Ovarios verdes fritos antzezlana jokatuko du kultur etxean, 20:30ean. Hurrengo egunean Garazi Goietxe bakarlariak kontzertua eskainiko du Pikuxarren, 19:30ean. Emanaldiaren ondoren afaria iragarria dago, 22:00etan, eskolako jantokian. Afaldu ondoren Lorena Arangoa clownaren saioa izanen da.
Emakumeen Egunaren inguran antolatutako egitarauan, hilaren 18rako, kafe tertulia iragarria dago. Hilerokoa, gure emakume energiarekin bat eginez gaia hartuta ariko dira Rosa Legarrarekin, 18:00etan, liburutegian. Hurrengo egunean despedituko dira jardunaldiak helduendako berdintasunari buruzko film-laburren emanaldiarekin. Katti Goikoetxeak bideratuko du emanaldia, 19:00etan, Pikuxarren.
Afariko izen-ematea
Astelehenera arteko epea dago izena emateko. Laboral Kutxako kontu honetan 16 euro ordaindu behar dira, izen-abizenak adieraziz: ES72 3035 012091 1201032867.