Magna Gurpea: Espainiako Kopa, erronka

Guaixe 2017ko mar. 6a, 13:34

Koparen bezperatan Levanterekin bina berdindu du Magna Gurpeak. Ostegunean, Espainiako Kopan, Bartzelonaren kontra ariko da talde berdea, final laurdenetan

Ostiralean, lehen mailako areto futboleko ligan, Magna Gurpea Xotak eta Levantek bina berdindu zuten. Bi taldeak parez pare aritu ziren partida guztian barna. Levante aurreratu zen lehen minutuan. Yoshikawak 17. minutuan berdintzea lortu zuen. Beranduago, Rafa Usinek sartutako penaltiari esker 1 eta 2 aurreratu ziren berdeak, baina hurrengo jokaldian Levanteko Yeray atezainak bina berdindu zuen, atetik egindako jaurtiketa bat Asierrek defendatzen zuen atera sartu zenean. Polemika egon zen tartean, ustez Jék falta egin ziolako Asierri. Kontraerasoan saiatu ziren Magna Gurpeakoak eta Levantek ere bere aukerak izan zituen, baina markagailua ez zen mugitu eta Levantetik puntu batekin etorri ziren Magna Gurpea Xotakoak.  

Lehen mailako ligan Movistar Inter da liderra (60 puntu). Magna Gurpea Xota zazpigarrena da (38 puntu). Ligako hurrengo jardunaldia marxoaren 17an jokatuko da. Magna Gurpeak sailkapenean postu bat gorago dagoen Palma Futsal hartuko du martxoaren 17an, 21:15ean, Anaitasuna pabilioian. Baina aste honetan burua Ciudad Realen du talde berdeak, bertan jokatuko baita, martxoaren 9tik 12ra, Espainiako Kopa.

Espainiako Kopan Bartzelona arerio
Ligako lehen itzulian lehen 8 postuetan sailkatutako taldeak lehiatuko dira martxoaren 9tik 12ra Ciudad Realen jokatuko den Espainiako Kopan: Barcelona Lassa, Movistar Inter, El Pozo Murcia, Palma Futsal, Jaén Paraíso Interior, Magna Gurpea Xota, Catgas Energía eta Peñíscola RehabMedic. Espainiako Areto Futbol Federaziotik adierazi dutenez, orain arte inoiz izandako baliabide tekniko eta teknologiko hoberenak erabiliko dira partidak eskaini ahal izateko. Teledeporte kateak torneoan jokatuko diren 7 partidak eskainiko ditu zuzenean. Horretaz gain, Eurosportek eta esport3 kateek ere Espainiako Koparen jarraipena egingo dute.

Final laurdenak jokatuko dira lehenik eta behin. Magna Gurpeari arerio gogorra egokitu zaio, Barcelona. Ostegunean jokatuko dute, 21:15ean eta partida zuzenean jarraitu ahalko da Teledeporten. Partida konplikatua izanen da baina jokalari nafarrak animatuta daude eta finalardietara sailkatzea, hori dute erronka. Beste final laurdenetan Palam Futsalek El Pozo Murcia izango du aurkari, Peñiscola RehabMedic taldeak Jaén Paraiso eta Movistar Interrek Catgas Energia. Finalerdiak martxoaren 11n jokatuko dira eta final handia, berriz, martxoaren 12an.