Asteburuan lehen mailako ligako azken jardunaldia jokatu zen. Peñiscolaren kontra aritu zen Magna Gurpea Xota. Irurtzungoek bigarren zati oso kaxkarra egin zuten eta hor joan zitzaizkien jokoan zeuden 3 puntuak.
Peñiscola eta Magna Gurpearen arteko lehian, berdeak hasi ziren dominatzen. Dani Saldisek aurreratu zuen Magna Gurpea, seigarren minutuan. Peñiscola talde nafarra estutzen hasi zen, baina geldialdi bikainak egin zituen Asier Llamas atezain irurtzundarrak, tartean penaltia geldituz. Baina bigarren zatian gauzak zeharo aldatu ziren. Rafa Usinen eta Dani Saldiseren jaurtiketa sendoak gelditu zituen Peñiscolak. Eta zorigaiztoko hiru minututan Peñiscolak buelta eman zion markagailuari, Juan Emiliok bana berdintzea lortu zuen eta Estebanek bigarrena sartu zuen.
Imanol Arregiren mutilek behera egin zuten. Victor atezain-jokalari jarri zuten berdeek, baina taktika ez zen ongi atera eta Peñiscolak beste bi gol sartu zituen. Horrela, 4 eta 1 galdu zuten Imanol Arregiren mutilek. Okerrena, Araçaren lesioa izan zen.
Magna Gurpea Xotaren liga, “chapeau”
Horrela, ligako liderra Movistar Inter izan da (75 puntu), Barcelona Lasa (70 puntu) eta El Pozo Murcia (68 puntu) taldeen aurretik. Jaen izan da laugarrena (53 puntu) eta Magna Gurpea Xota bosgarrena (51 puntu), Palma Futsal seigarrenarekin puntutara berdinduta. Bosgarren postura jaitsi denez, liga erabakitzeko play-offetan, final laurdenetan Magna Gurpea Xotak Jaen izango du aurkari, maiatzaren 12an, Anaitasunan.
“Ez dugu ongi jokatu eta horregatik ez dugu irabazi. Dena den, azken partida honek ezin du egin dugun liga bikaina zikindu. Liga bikaina egin dugu, chapeau-koa. Orain, play-offetan Jaenera joko dugu eta irabazten saiatuko gara. Ez dago besterik” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.