Igandean Nafarroako Slalom Openeko bigarren proba jokatu zen Irurtzunen, Irurtzungo Larrazpi Gazte Elkarteak eta Nafarroako Automobilismo Federazioak antolatuta. Eguraldi onarekin hasi zen proba baina, bukaeran, euria ere egin zuen. Pilotuek euren abilezia erakutsi zuten, Akaborron bildutako jendetzaren aurrean. Antolakuntzak zehaztutako ibilbide konplikatuak gainditu behar izan zituzten. Prestatutako zirkuitua ahalik eta azkarren eta kono gutxien ukitzen egin zuten autoek irabazi zuten proba.
Turismoen mailan Carlos Mariñelarena gailendu zen (BMW 325I), 1:55.870 denborarekin. Mikel Orderiz izan zen bigarrena, 3 segundora eta Eneko Corcuera hirugarrena, 4 segundora. Eta monoplaza mailan Mendabiako autokrosean aritzetik zetorren Jorge Aramendiak ez zuen areriorik izan eta denboraldiko bere bigarren garaipena lortu zuen.