Irurtzungo arabiar komunitateak antolatutako Arabiar Kulturaren Egunarekin hasiko da kulturartekotasun astea. Irurtzungo plazan arabiar musikarekin, jakiekin, hennarekin, tearekin, jantziekin, argazkiekin, jolasekin, arabiar moduko saloiarekin eta bestelakoekin gozatzeko aukera izanen da igandean, 11:00etatik 13:30era. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko Bego Zestau Baraibarrek esan digunez, “arabiar komunitateak eskertu nahi du ongi hartuak izan direla eta, horregatik, gonbidapena luzatu dute”.
Irurtzungo islamiar komunitateko presidente Abdelaziz Missaouik azaldu digunez, aurten ramadana maiatzaren 27an hasiko da. Horregatik, Arabiar Kulturaren Eguna aurreratu egin dutem, “jende asko etortzeko. Irurtzundarrak eta sakandarrak etortzera gonbidatzen ditugu. Ongi etorriak izanen dira. Eguna ongi ateratzea espero dugu. Urtero errepikatzeko”.
Komunitatea 2010ean eratu zen eta 30-40 bat kide ditu gaur egun, marokoarrak gehienak. Irurtzunen bizi dira gehienak, baina komunitateko kide batzuk Uharte Arakilen eta Lakuntzan bizi dira eta Irurtzun izaten dute bilgunea. Meskita dute. Eta kulturari eusteko haurrendako arabiar hizkuntza eskolak dituzte. Horiek igandeetan izaten dira, kultur etxean, 11:00etatik 13:00etara. Hiru data garrantzitsu dituzte: ramadana, haren akaberako festa handia eta arkumearen festa.
Kulturartekotasun eskolan
Heldu den asteko egun bakoitza kontinente bati eskainia izanen da Irurtzungo Atakondoa eskolan. Silvia Sanchez zuzendariak azaldu digunez, “aniztasunaz hitz eginen dugu musika ardatz hartuta”. Sandra Aiarra ikasketa buruak gaineratu duenez, “erakusketa txiki bat eginen da, tailerren bat eginen da eta kontinente bakoitzekoak diren gurasoak haien jantzien edo ohituren inguruko azalpenak ikasleei ematera etorriko dira”. Astelehenean Asiaz ariko dira; asteartean Afrikaz; asteazkenean Ozeaniaz; ostegunean, Amerikaz eta, azkenik, ostiralean, Europaz.
Egunero ordu erdi inguru izanen dira kontinenteez gehiago jakiteko. Taldeka. Haietakoren bat ere azalpenak ematea ez du baztertzen Sanchezek. Zestauk jakinarazi duenez, migrazioen txokoa ere prestatuko dutela eskolan. 497 ikasleek euren familia jatorriari buruzko informazioa eramanen du eskolara eta hori hainbat mapatan jarriko dute. Gainera, egunero etxera oroigarri bat eramanen dute. Eskolan egindako hainbat ekarpen gero Munduko Arrozak ekimenean ikusgai izanen dira.
Goizean umeak badira kontinentetako giza paisaiaren nondik norakoak ezagutuko dituztenak, arratsaldean, 15:30etik 17:00etara, gurasoen solasaldi irekien txanda izanen da. Egunero gai bat landuko da. Hala, emakumea eta dantza astelehenean izanen da. Emakumea eta musika, berriz, asteartean. Gaiaz hitz egiteko emakume batzuk gonbidatu dituzte. Ostegunean, Vendettako Pellok kontzertua eskainiko die. Eta, gurasoen solasaldiak munduko jakiez hitz eginez despedituko dira ostiralean.
Munduko musikak
Ozeaniako irurtzurdar berririk ez da eskolan. Hala ere, instrumentuak, apaingarriak eta beste lortu dituzte. Baina hutsunea Irurtzungo Udal Musika Eskolako ikasleen kontzertuarekin beteko dute. Haien asteazkeneko egitaraua munduko musikaz betea izanen da.
Antolatzaileak
Sakanako Mankomunitatea, Itxipuru aldea, Irurtzungo arabiar komunitatea, Atakondoa eskola, Atakondoako guraso elkartea, Atakondoa eskolako ama talde bat, Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta Irurtzungo Udala.