Magna Gurpea Xotari talde ahaltsuen kontrako partida erabakiorretan gertatu ohi zaion bezala, arbitroen erabakiak ez zioten mesederik egin. Errege Kopa lortzeko zorian egon zen Imanol Arregiren taldea, 2 eta 0 aurreratu baitziren berdeak, baina azken minutuetan eta arbitroen erabaki polemikoak tarteko, 2 eta 3 irabaztea lortu zuen El Pozo Murciak eta kopa altxatzea lortu zuten. Magna Gurpeakoek, jota, triste eta kopetilun, domina jasotzearekin konformatu behar izan zuten, baina sari bereziena jaso zuten: Guadalajaran bildutako zale gehienen babesa, animoak eta txaloak.
Guadalajarako pabilioian 4.000 zale inguru bildu ziren areto futboleko lehen mailako Errege Kopako final handia zuzenean jarraitzeko. El Pozo Murcia eta Magna Gurpea Xota kopa jasotzeko asmoz atera ziren kantxara, eta Imanol Arregi entrenatzailearen mutilek marea berdea izan zuten laguntzaile, 1.300 zale inguru bildu baitziren euren aldeko harmailetan, tartean Irurtzundik ateratako autobusa.
Ongi hasi zen finala Irurtzungo taldearendako. Lehen zatian nafarrak izan ziren onenak. Dani Saldise irurtzundarrak mustu zuen markagailua, 9. minutuan sartutako golarekin. 12. minutuan, eta falta baten jaurtiketaren erantzunaren ondoren, Eric Martelek bigarren gola sartu zuen, zale berdeen zoramena piztuz. El Pozo Murcia erasoan hasi zen eta defentsa lan bikaina egitera pasa ziren irurtzundarrak. Asier atezainak geldialdi bikainak egin zituen. Baina arbitroak oso zorrotz jokatu zuen Magnarekin, eta Xotaren kontrako penalty bikoitza ekarri zuen erabaki horrek. Horrela, atsedenaldira baino lehen 2 eta 1 gerturatu zen El Pozo Murcia.
Bigarren zatian abiadura gehiagorekin jokatu zuen El Pozok. Magna Gurpeako Asier atezainak euren asmoak zapuztu zituen. Imanol Arregiren mutilek ongi defendatu zuten eta bukaerara arte markagailuaren aldea mantentzea lortu zuten. Bost minuturen faltan berdinketaren gola sartu zuen El Pozok eta handik 3 minututara, partidaren bukaerarako minutu pare baten faltan, garaipenaren gola sartu zuen El Pozoko Raul Camposek. Araça atezain-jokalari postuan jarri zuen Imanolek, baina ezin izan zuten berdinketa lortu eta kopa lortzearen ametsa desegin egin zen.
Magna Gurpeako jokalariek jota jaso zuten saria, txapeldunordeen domina, eta askok berehala kendu zuten gainetik.
Imanol Arregi: “penalti lotsagarria seinaleztatu digute”
Imanol Arregi entrenatzailea arbitroen lanarekin haserre azaldu zen. Izan ere, arbitroen erabakiek sarritan kaltetu dute talde berdea, eta larunbatean eztanda egin zuen Imanolek. “Lehen zatian nagusi izan gara, utzi digutenera arte. Gure kontra ezin zutenez, penalti bikotza seinaleztatu digute, penalti lotsagarria. Eta ez naiz ixilduko. Lehen zatian hobeak izan gara, markagailuan alde gehiago ateratzea merezi genuen. Ondoren partidan sartzea lortu dute, existitzen ez zen penalty batekin. Eta bigarren zatian bi defentsa akalts edo despiste izan ditugu, finala galtzea ekarri digutenak. Pena da gu errespetatzeko baliabide gehiago ez izatea, baina guk berde izaten jarraituko dugu eta borrokan, beti bezala. Taldeaz harro nago eta altxatzea, ez dugu besterik, ligako titulua erabakitzeko play-offak jokoan ditugulako” gaineratu zuen Imanolek. Penaltiaz gain, ba
Jokalariak, jota
Jokalariak jota zeuden. “Arbitroen erabakiak ez dira aitzakia, baina gauza nahiko arraroak daude” azaldu zuen Asier Llamas atezain irurtzundarrak. “Jota gaude, baina taldekideez eta gure zale bikainez harro nago” gaineratu zuen Roberto Martil jokalari irurtzundarrak. “3 eta 1 izango zena sartzeko aukera izan dut, baina jaurtiketa zurtoinera joan da” penatzen zen Dani Saldise jokalari irurtzundarra. “Jota goaz hemendik” azpimarratu zuen Javi Eseverri atezainak.
Zale berdeak, harmailetako txapeldunak
Kantxan ez, baina harmailetan zale berdeak izan ziren garaileak, zalantzarik gabe. Marea berdeak etengabe animatu zuen Magna Gurpea Xota, galtzen zioazenean are gehiago. 1.300 zale berde inguru bildu ziren Guadalajaran, tartean 4 autobusetan iritsi zirenak: 3 Iruñetik atera ziren eta bat Irurtzundik. Partida bukaeran, Magna Gurpea Xotako jokalariek eta Imanol Arregi entrenatzaileak txalo zaparrada batekin eskertu zieten zaleei euren babesa eta Javi Eseverri kapitainak zaleei eskaini zien talde berdea txapeldunorde izendatzen zuen trofeoa.
Asteburuan, play-offetan, Jaen aurkari
Errege Kopako finala galtzearen pena alde batera utzi beharko dute Magna Gurpea Xotako jokalariek, asteburuan hasten baitira lehen mailako liga titulua erabakitzeko play-offak. Ligan lehen 8 postuetan sailkatutako taldeak lehiatuko dira play-offetan, Magna Gurpea tarteko. Irurtzungo taldeak play-offetako final laurdenetan Jaen Paraiso Interior izango du aurkari. Lehen partida ostiralean jokatuko da, 20:30ean, Iruñeko Anaitasuna pabilioian. Xotak kluba laguntzeko eguna zehaztu du partida.