Magna Gurpea Xotak lehen mailako titulua erabakitzeko play-offetarako final laurdenak gainditu ditu eta finalerdietarako sailkatu da, Jaen menpean hartu eta gero. Joaneko partidan 3 eta 2 irabazi zuen talde berdeak, itzulerakoan seina berdindu eta gero Jaen gailendu zen penaltietan, eta berdinketa hausteko hirugarren partidan 3 eta 5 irabazi zuten Imanol Arregiren mutilek. Finalerdietan aurkari gogorra dute zain: Catgas Energia bidean utzi duen Movistar Inter.
Bihotzekoa emateko moduko asteburua bizi izan dute Magna Gurpea Xotako zaleek. Play-offetako bigarren partida zuten jokoan ostiralean, Jaenen. Joaneko partidan Jaeni 3 eta 2 irabazi zioten berdeek, eta bigarrena ere irabaztea nahi zuten, zuzenean finalerdietara sailkatzeko. Baina ezinezkoa izan zen, itzulerako partidan seina berdindu baitzuten Jaenek eta Magna Gurpeak. Penaltietan punteria hobeagoa izan zuten andaluziarrek eta 3 eta 1 irabazi zuten. Horrela, partida berdinketa hausteko hirugarrena jokatu behar izan zuten bi taldeek, igandean.
Aurrekoetan bezala, bi taldeak parez pare ibili ziren. Baina Imanol Arregiren mutilek defentsan lan ikaragarria egiten jakin izan zuten eta hori izan zen garaipenaren ardatzetako bat. Hasieran Eseverrik aurreratu zuen Magna Gurpea, baina pozak gutxi iraun zuen, berehala berdindu baitzuen Jaenek. Jaenen erasoek jarraitu zuten baina geldialdi bikainak egin zituen Magnako Asier atezain irurtzundarrak. Kontraerasoekin saiatu ziren berdeak, baina ez zuten kontrako atean asmatzen. Azkenean, Rafa Usinek bigarrena sartzea lortu zuen. Atsedenaldiaren ondoren Magnak partidaren kontrola izaten jarraitu zuen. Horrela, hirugarrena sartu zuen Martelek. Orduan iritsi zen Jaenen erantzuna, tarte laburrean hiruna berdintzea lortu baitzuten andaluziarrek. Bi taldeek gol aukera ugari izan zituzten eta partida despeditzeko sei minuturen faltan, laugarrena sartu zuen Araçak, eta Roberto Martilek bosgarrena sartu zuen. Horrela, finalerdietarako sailkatu ziren irurtzundarrak.
Imanol: “Garaipen ikusgarria”
Imanol pozez zoratzen zegoen, bere taldeak egindako lanarekin oso kontentu. Semifinaletara pasatzea “historikotzat” jo zuen eta garaipena “ikusgarria” izan zela nabarmendu zuen teknikariak. “Partida bikaina jokatutako garaipen ikusgarria izan da hau, arerio oso konplikatuaren aurrean eta kantxa zailan, soilik El Pozok eta Interrek lortu baitute hemen irabaztea. Horregatik balio bikoitza du garaipen honek” adierazi zuen teknikariak. “Lortutakoaz gozatzea tokatzen zaigu eta, ondoren, burua finalerdietan jartzea, finalerdiak ongi prestatzea. Garrantzitsuena taldeak beti egiten duen moduan lehiatzea da” azpimarratu zuen Arregik.
Ostiralean Movistar Inter arerio
Play-offetako finalerdiei dagokienez, ostiralean Madrilen jokatuko dute Movistar Interrek eta Magna Gurpeak (21:30ean, Eurosport). Bigarren partida astelehenean jokatuko da, maiatzaren 29an, Iruñean. Eta hirugarren partida beharrezkoa balitz ekainaren 2an, ostiralean jokatuko litzateke, Movistar Interren kantxan.