Xotak eta Osasunak akordioa sinatu zuten asteazken arratsaldean. Urte bateko hitzarmena da, Osasunan urrian burutuko duten hauteskundeetatik ateratzen den zuzendaritza ez dutelako konprometitu nahi. Osasunako presidente Luis Sabalzak eta Xotako presidente Tatono Arregik sinatu zuten hitzarmena Sadarren, bi taldeetako ordezkaritza zabalaren aurrean.
Izena, aurrekontua, ekipazioa, Reyno de Navarra…
Hitzarmen horrek zenbait puntu zehazten ditu. Batetik, Club Atlético Osasuna Xota izango da Irurtzungo taldearen izena hemendik aurrera. Bestetik, Osasunak 112.000 euro lortuko ditu Xotarendako, babesle akordioen bidez. Babesleekin kopuru horretara iristen ez bada, Osasunak falta dena jarriko du, eta diru gehiago lortzen bada, Xotarendako izango da. Xotak jantziko dituen koloreei dagokionez, Osasuna Xotak berdez jokatuko du, futbol sekzioa duten taldeen kontra –Bartzelona eta Levante– aritzen denean izan ezik. Orduan, gorriz ariko dira. Aipatzekoa da ekipazioan bi taldeen armarriak agertuko direla.
Osasunako bazkideek abantailak izango dituzte areto futboleko sarrerak erosterakoan. Bestalde, Reyno de Navarra Arena pista eskuragarri zaienean, klubaren asmoa bertara lekualdatzea izanen litzateke, etxeko partidak bertan jokatzeko.
Xotak, bere aldetik, Osasuna marka sustatuko du.
Tatono Arregi pozik zegoen akordioa lortu izanagatik. “Osasunaren babesak lasaitasuna ematen digu, eta hazten jarraitzeko aukera ematen digu. Koloreak baino, baloreak dituen pertsona naiz, eta proiektu honek zentzua badu horregatik da, kirol baloreak daudelako. Kolore gorria edo Osasunaren armarria eramatea ez da inolako esfortzua, ohorea da” nabarmendu zuen irurtzundarrak, “koloreak, balorerik gabe, hutsak” direla gaineratuz.