Lehen mailako ligako titulua erabakitzeko play-offetako finalerdietan Magna Gurpea Xotak Inter Movistar du arerio. Finalerdietako lehen partida ostiralean jokatu zen Madrilen eta etxeko taldeak irabazi zuen. Itxura ona eman zuten Imanol Arregiren mutilek; hiruna berdindu eta berdinketa hausteko tartea jokatu behar izan zuten. Tarte horretan behera egin zuten berdeek eta orduan gailendu zen Movistar, 7 eta 3.
Hasieratik erasora atera ziren Magna Gurpea eta Movistar Inter. Partida zirraragarria izan zen, etengabeko gol aukerekin. Jokaldi bikainak sortu zituen talde berdeak, baina Movistarreko Jesus Herrero atezainak zapuztu zituen. Movistar izan zen aurreratu zena, 5. minutuan. Hortik aurrera erasoan jarraitu zuten madrildarrek. Asierrek geldialdi onak egin zituen, baina atsedenaldia baino lehen bi gol sartu zituen Movistarrek. Araçak kontrako atean asmatzea lortu zuen eta 3 eta 1ekoarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian partidak berdin jarraitu zuen, bi taldeen etengabeko erasoekin. Eseverrik talde berdearendako bigarren gola sartu zuen eta partida bukateko 20 segundoren faltan hirugarrena sartu zuen Eseverrik. Horrela, berdinketa hausteko tarteari ekin zioten bi taldeek.
Nekeak eraginda, Magna Gurpeako jokalariek akatsak egin zituzten eta gasolinarik gabe geratu ziren. Aldiz, Movistarrek asmatu zuen eta 4 gol sartu zituen.
“Partida ona jokatu dugu. Berdinketa hausteko tarte horretan ez gara ongi ibili, baina ligako arerio nagusienetako baten kontra jokatu dugu eta taldeak lehiatzen jakin izan du. Tamalez, azken tartean etorri dira akatsak” adierazi zuen Imanol Arregik.
Gaur, 21:30ean, Anaitasunan
Hortaz, play-offetako finalerdietako lehen partida Movistar Interrek irabazi zuen. Gaur, astelehenean, 21:30ean bigarren partida jokatuko da, Iruñeko Anaitasunan. Play-offetan aukerak izaten jarraitzeko irabazi beharrean daude Imanol Arregiren mutilak, berdinketa hausteko hirugarren partida jokatuko bailukete horrela. Galduz gero, Movistar sailkatuko litzateke finalerako. Final handiko txartela dago jokoan.