Areto Futboleko Entrenatzaileen Elkarteak 2016-2017 denboraldiko sarituen berri eman du. Tartean, bi sari etorri dira Xota klubera: Imanol Arregik ligako entrenatzailerik onena izandatu dute eta Magna Gurpea Xota, ligako talde errebelazioa. Uztailaren 1ean jasoko dituzte sariak.
Imanol Arregik pozik egoteko arrazoi asko ditu. Denboraldi bikaina egin du bere taldeak. Errege Kopako finalerako sailkatu zen talde berdea, ligako titulua erabakitzeko play-offetarako sailkatu ondoren, play-offetako final erdietara iritsi zen eta, bestalde, Espainiako Kopan finalerdietan erori zen. “Denboraldiko balantzea ezinhobea da. Ez dago hitzik denboraldi honetan bizi izan dugun guztia deskribatzeko. Lesioak zigortu gaituzte baina egoera konplikatuei buelta emateko kapaza izan da taldea. Jokalarien konpromisoa, hori izan da gakoa. Jokalariek egin duten esfortzua ikaragarrizkoa izan da” adierazi du Irurtzungo teknikariak.
Imanol Arregik hirugarrenez jasoko du entrenatzaile onenaren saria. 2013an eta 2014an ere teknikari onena izendatu zuten. Zalantzarik gabe, lehen mailako areto futboletako izar handietako bat da irurtzundarra.