Irurtzungo Guan taldeak, Irurtzungo Udalaren eta Oreka fisioterapia eta osteopatiaren laguntzarekin, IV. Trinitateko Igoera antolatu du biharko, ekainaren 10erako. Dagoeneko izena emana duten korrikalariek Irurtzungo Foru plazan dute hitzordua, goizeko 9:30ean. Orduan banatuko dituzte dortsalak. Segituan, banaka-banaka, Trinitateko kronoigoerari ekingo diote, 10:00etatik aurrera. 3 km-ko igoera da Trinitatekoa, 500 metroko desnibel positiboarekin. Behin proba bukatuta, sari banaketa eta zozketak egingo dira, eta bertaratutako guztiendako otamena egongo da.
Aurreko urtean 39 korrikalarik hartu zuten parte eta Mutiloako Gorka Sarasibar (24:29) eta Ainhoa Oñatibia (29:45) izan ziren azkarrenak.