XXV. Irurtzun Pilota Txapelketa azken txanpara iritsi da. Apirilaren hasieran hasi zen txapelketa eta promesen mailan 8 bikote eta senior mailan 28 bikote lehiatu dira, afizionatuetako puntako pilotariak guztiak. Ligaxken ondoren, final laurdenak iritsi ziren eta azken bi aste hauetan finalerdien txanda izan da. Horrela, bihar, larunbatean, eta Irurtzungo Trinitate festen barruan, final handiak jokatuko dira.
Promesen mailan Gilek eta Garateak Canabal eta Cordón izanen dituzte aurkari. Eta seniorretan, berriz, Irurtzun klubeko bi pilotari ezagun elkarren kontra ariko dira: Josu Bergera arruazuarrak Alberto Ongay satrustegiarra izanen du arerio. Santxo aurrelariaren laguntza izango du Bergerak eta Irurtzun klubeko Azanza atzelariarena, aldiz, Ongayk. Txapela etxean geratuko da baina ikusteko dago noren burua apainduko duen.
Aipatzekoa da larunbat goizean, 11:30ean, Irurtzungo Pilota Elkarteak antolatutako haurren pilota partidak izanen direla pilotaleku irekian.
Irurtzun Txapelketa. Finalak
Larunbatean, 18:00etan, Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuan.
Promesak: Gil-Garatea / Canabal-Cordón
Seniorrak: Santxo-Bergera / Ongay-Azanza
Senior mailako finalerdien emaitzak
Santxo-Bergera 22 / Ojuel-Altuna 21
Ongay-Azanza 22 / Urbieta-Mariezkurrena 10