Ostiralean Donostiatik abiatuta, Bartzelonara iristea zen Powerade Non Stop Series mendi txirrindularitza proba berezi eta erraldoiaren helburua. Banaka edo taldeka hartu ahal zen parte. Guztira, 300 biker baino gehiagok hartu zuten irteera, tartean Irurtzun taldea, lau txirrindulariz –Mikel Rubio, Ruben Moral, Diego Gomez eta Iñigo Lasarte– osatutako talde irurtzundarra. Donostiatik abiatuta, Sant Estebanen zuten lehendabiziko hornidura eta kontrol gunea eta Irurtzunen bigarrena. Gaueko 11:20etik aurrera hasi ziren iristen txirrindulariak. Irurtzundarrei, jakina, harrera beroa egin zieten herritarrek.
Rubio: “Hamahirugarren postuan sartzea ez genuen espero”
Irurtzun taldeak helburua lortu eta Bartzelonako Montjuic helmugara iristea lortu zuten, 30 ordu t´erdi pasata, hamahirugarren postuan (30:27:34). “ Gustura ibili gara. Asko sufritu genuen, lo gutxi eginda, baina ondo. Proba hamahirugarren postuan bukatu dugu eta gure mailan, “Enbajador” mailan edo herrien ordezkarien mailan, hirugarrenak. Aipatzekoa da 5. eta 6. etapak bertan behera geratu zirela, antolakuntzak baimenekin arazoren bat izan zuelako, eta 4. etapatik 7.era autokarabanan joan ginen, zuzenean. Eguraldiari dagokienez, lehenengo hiru etapetan hobea izan zen, eta Zuera herritik aurrera zer espero genuen ere ez genuen argi, ez genuelako ezagutzen. Baina 13. postuan sartzea, ez genuen espero inondik inora” azaldu digu Irurtzun taldeko Mikel Rubiok.