Irurtzungo Trinitate festen barruan, larunbatean jokatu ziren XXV. Irurtzun Pilota Txapelketaren final handiak. Afizionatuen mailako txapelketa ezaguna, senior mailan guztira 28 bikote eta promesetan 8 lehiatu dira, afizionatuen mailako onenak.
Hasieran promesen mailako partida jokatu zen. Canabalek eta Cordonek ez zuten aparteko arazorik izan Gil eta Garatea 22 eta 13 menpean hartzeko. Senior mailan ikusmina handia zen, Irurtzun klubeko pilotariak sailkatu zirelako seniorren mailako final handira. Iosu Bergera arruazuarra eta Santxo, batetik, eta Alberto Ongay satrustegiarra eta Azanza, bestetik. Partida zirraragarrian, parez-pare ibili ziren bi bikoteak baina azkenean Iosu Bergerak eta Santxok lortu zuten txapela janztea, taldekide eta arerioak 17 tantotan utzi eta gero.
Irurtzun Txapelketako finalak
Promesak: Canabal-Cordon 22 / Gil-Garatea 13
Seniorrak: Santxo-Bergera 22 / Ongay-Azanza 17