Larunbatean Nafarroako Kin-Ball Txapelketa jokatu zen Irurtzunen. Bost talde lehiatu ziren: KB Iruña, Kinballdarras, The KB Bulls, KB Hoberenak eta The Cracks KB. Iruñeko eta Irurtzungo neska-mutilek osatutako taldeak ziren. Zehazki, 9 eta 15 urte bitarteko 10 neskatila eta 12 mutil lehiatu ziren, guztira. Partida bakoitzak ordu erdi inguru iraun zuen eta txapelketa lehiatu baten ondoren, The Cracks KB taldea gailendu zen, Julen Juanicorena, Noelia Senra, Naia Vazquez eta Gaizka Jimenezek osatutako taldea.
Talde lana, estrategiaz betetakoa
Kirol kooperatiboa da Kin-Balla. Irurtzunera Manuel Iznaola soin heziketa irakaslearen bitartez iritsi zen eta Atakondoan gogoz lantzen dute. Kirolariak baloreetan heztea da helburu nagusia. Ondoko baloreak lantzen dira: kooperazioa, hezkidetza, integrazioa, joko garbia, emakumeen parte-hartzea eta biolentziaren gaitzespena. Joko arin eta dibertigarria da. Hiru talde lehiatzen dira eta baloi erraldoia erabiltzen dute. Baloiaren jabetza duen taldeak aurrez aldetik abisatuko dio talde bati berari jaurti behar diola baloia. Baloia lurrera erortzeko helburuarekin jaurtiko du. Beste taldeak hori ekidin eta baloia kontrolatzen badu, puntua lortuko du. Baloia lurrera badoa, aldiz, beste bi taldeek puntu bana lortuko dute. Hori da filosofia. Estrategiaz betetako jokoa da.
Erabateko talde lana da; jokalari guztiak dira garrantzitsuak, inor ez da nabarmentzen. Izan ere, baloi erraldoia ezin du pertsona bakar batek mugitu; inork ezin du pasibo egon eta talde lana da. Estrategia joko horietan The Cracks KB ibili zen hobekien eta beraiek lortu zuten Irurtzunto txapelketa irabaztea. Giro bikaina egon zela aipatu digu Manuel Iznaolak eta guztia primeran atera zela. Zalantzarik ez; Kin-Balla sustatzen jarraituko dute Irurtzunen.