Irurtzungo irakurle taldeak, denboraldia despeditzeko, topaketa berezia izan zuen joan den asteko ostegunean. Ohi bezala, udal liburutegian elkartu ziren, baina oraingoan haiekin batera, Juan Manuel Esteban idazle irurtzundarra izan zen. Tras la pared (2017, Editorial Circulo Rojo) liburua idatzia du eta irakurle taldearekin horren inguruan hizketatu zen.
Irurtzundarraren eleberri horretan etxe baten zaharberritzean, paretako zulo batean agertzen diren papiro zaharrak aparteko garrantzia dute. Aspaldiko idatzi horietan Vasconiako biztanleek euren bizimoduaren berri ematen dute: mundu ikuskera, mitoak, erromatarrekin gatazkak, kristautasunaren hazkundea… Guztia bandaloen inbasioaren aurretik kokatuta.