Rafa Usin Imanol Arregiren plantillaren jokalari oinarrizkoenetariko bat da. Aurten despeditzen zitzaion kontratua madrildarrari eta adostasunera iritsi dira Xota eta Usin: hurrengo denboraldian Osasuna Xotan jarraituko du Rafa Usinek. Albiste hau oso garrantzitsua da talde berdearendako, Jesulitoren eta Yoshikawaren baja garrantzitsuak kontuan hartuta, Rafa Usinen baja oso gogorra litzatekeelako taldearendako. Imanol Arregiren aginduetara jarraitu nahi zuen Rafa Usinek eta bi taldeak oso kontentu daude.
Sekulako denboraldia egin du Usinek. 30 gol sartu ditu, lehen mailako pitxitxien sailkapenean hirugarrena, eta Magna Gurpeak Espainiako Kopako finalerdietara heltzeko, Errege Kopako finala jokatzeko eta titulua erabakitzeko play-offetara sailkatzeko ezinbesteko jokalaria izan da. “Urte zoragarria izan da guztiendako, talde batua osatzen dugu, konfiantza dugu gugan eta horrela nahi dena lor daitekeela erakutsi dugu. Zuzendaritzak, Tatonok bereziki, esfortzu handia egin du nik hemen jarraitu ahal izateko eta eskerrak eman nahi dizkiet, berdez jantzitako 10. denboraldia egingo dudalako. Ea hurrengo denboraldian handitzen jarraitzen dugun eta helburu garrantzitsuagoak lortzen ditugun.