Erraldoien magia pizteko, haiek eramanen dituztenak behar dira

Guaixe 2017ko eka. 25a, 09:54

Irurtzungo festak hasteko aste gutxi falta direnean, Erraldoi eta buruhandien konpartsak deialdia egin du.

Irurtzungo erraldoi eta buruhandien konpartsako kideek oharra zabaldu dute haiekin bat egin eta erraldoiak dantzatzera animatzeko. Konpartsan sartzea gurasoek eta seme-alabek "zerbait magikoa partekatzeko aukera" izan daitekeela diote oharrean.  "Ez da bakarrik kaleetan sortzen den giroa, baizik eta konpartsaren giroa. Pertsona desberdinak gara, gure haurrekiko konpromisoak lotuta, alaitasuna, ilusioa, magia… festetara eraman eta, gainera, ongi pasatu, tarte onak partekatu… mila eta bat irribarre elkarren ondoan egin". 
 
Hori guztia aurtengo festetan probatu nahi duenak aukera izan dezake. Erraldoia jantzi, bizia eman, bere magia sentitu. Izena eman nahi duenak Txeli Garcia hots egin dezake, 663 990 145 telefonoa. Berak azaldu digunez, sartzen direnak ez dute zergatik erraldoiak dantzatu behar. Haiek batetik bestera eramatea ere laguntza handia da konpartsa-kideendako. Erraldoiak dantzatzen ikasi nahi duenak aurrerago luke aukera.