Irurtzungo Juanma Olias pilotua ez da gelditzen. Aurten CEV edo Espainiako Abiadura Txapelketaren barruan antolatu den European Kawasaki Z Cup Txapelketan lehiatzen ari da irurtzundarra, izen bereko motorrarekin, Kawasaki Z 900 moto berriarekin. Kopa honetan 15 pilotu lehiatzen ari dira eta 6 proba dituzte. Dagoeneko 3 jokatu dira: apirilaren 29an eta 30ean Albaceten (lasterketa bikoitza) eta ekainaren 18an, Bartzelonako Montmelón. Hurrengo lasterketa urriaren 7an eta 8an jokatuko dira, Alcañizen, eta azkena azaroaren 19an, Valentzian.
Erorikoari aurre egin dio
Aipatu txapelketan aritzeko Kawasaki Z 900 motor berria puntuan jarri behar izan zuen Irurtzungoak. Lan ona egin zuen, Albaceteko lehendabiziko bi probetan hasierako parrillan bigarren postutik ateratzea lortu baitzuen. Lehendabiziko lasterketan laugarrena sailkatu zen Olias eta bigarrenean, hirugarren postua lortzeko borrokan ari zela, erorikoa izan eta proba utzi behar izan zuen. Erorikoagatik sorbaldan lesionatu egin zen Olias eta ordutik errekuperatze lanetan ibili da, handik hilabete t´erdira hirugarren proba baitzegoen jokoan. Makina bat ariketa egin behar izan zituen pilotu irurtzundarrak sorbaldari mugikortasuna emateko. Eta nola edo ahala, ekainaren 18an Montmelóko lasterketan lehiatu zen.
Montmelón, hasierako parrillatik 3. postuan atera zen Olias. Sekulako berotzarrarekin jokatu zen lasterketa eta nahiz eta sorbalda minberatua izan, hirugarren postuagatik gogor borrokatu zen eta azkenean podiuma zapatzea lortu zuen, hirugarrena sailkatu baitzen, meritu handiz. “Hasierako helburua lasterketan parte hartzea zen, lepauztaian fisura izan eta gero, errekuperatzen ibili naizelako. Lasterketa bukatzea zen hurrengo asmoa; horregatik, podiuma egin ahal izateagatik oso kontentu nago” adierazi zuen Montmelóko zirkuituko prentsaurrekoan.
Sailkapen orokorrean Raul Martinez da liderra, 65 punturekin, eta Juanma Olias seigarrena da, 29 punturekin. Hurrengo probak urrian jokatuko dira, Alcañizen. Bitarte honetan, behar bezala hobetzeko eta entrenatzeko tartea du irurtzundarrak.