Irurtzungo odol-emaileen festa ospatu zen igandean. Nafarroako odol-emaileen elkarteko, Adonako zuzendaritzako Fernando Alvarez bertan zela egin zen ospakizuna. Alvarezek odola ematea elkartasun ekintza dela azaldu zuen, “jende askoren osasunean hainbat modutan lagundu dezakeelako”. Eta “aldamenean ditugunak, gazteak, batez ere” odol-emaile egitera animatu behar ditugula esan zuen. Uda garaian ere odola beharrezkoa dela eta hura emateari ez uzteko eskatu zuen.
Omenaldien garaian, odola ehun alditan emateagatik urrezko domina bikoitza jaso zuen Jose Joaquin Osinaga Uzadok. 50 alditan odola emateagatik urrezko domina eskuratu zuten Luis Martil Marinek eta Sergio Recalde Maestrek. 25 alditan ematen dutenen zilarrezko domina Iñaki Arroki Larraioz, Marisol Galarza Larraioz, Patxi Legarra Zubiria, Lujan Lopetegi Larraioz eta Iosu Maestre Bellorendako izan ziren.
Datuak
Irurtzunen 244 odol-emaile daude eta arrazoi desberdinengatik haietatik 74k eman zuten odola joan den urtean. 124 alditan izan zen. 2015ean autobusa beste behin etorriko zenez 201 odol emate egin zituzten. 2016 emateetatik 119 odol emate normalak izan ziren, 4 aferesis prozesuaren bidezkoa eta beste bat autotransfusioa izan zen. Egindako 124 odol-emateetatik 33 atzera bota ziren 2016an (29 2015ean). Irurtzundarrek, bestalde, 66 odol-emate egin zituzten herrira etorritako autobusean eta 58 beste emate tokietan. Joan den urtean lau odol-emaile berri izan ziren Irurtzunen, 2015ean 23 izan ziren.
Odol-emaile izan nahi duenak herriz-herri ibiltzen den autobusera hurbiltzea besterik ez du eta han argibide guztiak emanen dizkiote. Autohemotekoa edo odola emateko autobusaren egutegia eta emateari buruzko gauza gehiago ezagutu nahi duenak www.adona.es web orrian opa dezake.
Autobusaren hurrengo datak
Garilak 19, asteazkena
• Etxarri, 17:00-20:30.
Garilak 27, osteguna
• Etxarri, 17:00-20:30.
Agorrilak 9, asteazkena
• Ziordia, 19:30-20:30.
Agorrilak 16, asteazkena
• Irurtzun, 16:45-20:30.