Magna Gurpea Xotako entrenatzailea, Imanol Arregi irurtzundarra, Japoniako Nagoya hirian dago, bertako klubak gonbidatuta, bertako talde filiala entrenatzen eta klubeko teknikariei hitzaldiak ematen. Klub horretakoa da Yoshikawa, azken denboraldietan Magna Gurpean trebatu den jokalaria, Japonian bueltan dagoena. Imanol Arregirekin batera Pedro Costa “Costinha” dago, 2005 eta 2006an talde berdeko jokalaria izan zena eta egun Nagoyako klubeko teknikaria dena. Bere jakintzaren berri ematen ari da Imanol eguzkia jaiotzen den herrialdean.
Imanol Arregiren eta Magna Gurpearen sariak, jasoak
Areto Futboleko Entrenatzaileen Elkarteak asteburu honetan egin zuen 2016/2017 denboraldiko sari emate ekitaldia, Sevillan. Jakina denez, bi sari Magna Gurpea Xotak eskuratu ditu. Batetik, Imanol Arregi izendatu dute lehen mailako entrenatzailerik onena, eta Magna Gurpea Xota denboraldiko talde errebelazioa. Xotako bigarren entrenatzaileak, Migel Fernandezek, jaso zituen bi sariak, Imanol Arregi Japonian dagoelako.
Bynhoren atzetik
2017/2018 denboraldia prestatzeko lanean buru-belarri dabiltza Osasuna Xotakoak. Alex Llamas eta Edu Sousaren fitxaketak itxi ondoren, Alberto Ferraz Barboza Filho, Bynho jokalaria kontratatu nahiko luke talde berdeak. Kontuan hartu behar da iazko plantillatik bi jokalari ezinbestekoren baja duela Xotak, Jesulito eta Yoshikawa, eta Bynhoren fitxaketarekin hutsune hori itxi nahiko luke talde berdeak. Bynho brasildarra da, 24 urte ditu eta hegaleko jokalaria da, oso azkarra.