Atakondoa eskola publikoaren sarrera ondoko moduluak 2010-2011 ikasturtetik daude. Tokia txiki gelditu zen ikastetxean eta Hezkuntza Departamenduak moduluen bidez bi gela sortu zituen. Gainera hiru gela bikoiztu zituzten (aurretik beste bat zegoen). Pasabide eta teilatupean itxiturak jasoz beharrezko espazioak sortu zituzten. Hurrengo ikasturtean modulu gehiago jarri eta horrela bi ikasgela gehiago sortu zituzten. Atakondoan Irurtzun, Arakil, Imotz, Ollo, Goñi eta Itzako 400dik gora ikasle daude.
Gutxienez hamar urte badira Irurtzungo Udalak Hezkuntza Departamentuari eskola handitzeko eskatu ziola. Batetik, gaur egungo espazio arazoak konpontzeko eta, bestetik, hezkuntza ziklo berriak hartzeko. Alde batetik, 0 eta 3 urte artekoa eta, bestetik, DBH osoa. Izan ere, gaur egun Atakondoan DBHko 1. eta 2. mailako ikasketak ematen dira eta gero DBH despeditzera Iruñera joan behar dute ikasleek. Herrian geldituko balira koadrilak sendotu eta eskualdeko gazteen arteko harremanak sendotuko lirateke.
Hartu-emanak
Ikastetxeko hezkuntza komunitate guztiak ikusten duen premia da espazioarena. Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carrerak azaldu digunez, zuzendaritzaren eta eskola kontseiluaren oniritzia duen proposamena egin dute eta hura Hezkuntza Departamentuari aurkeztu diote. Dozena erdi bilera izan dituzte departamentuarekin eta "badirudi ongi doala. Baina egiteko Nafarroako Gobernuaren 2018ko aurrekontuan diru-saila egon beharko luke". Irurtzungo ikastetxea handitzeak on eginen lieke Iruñeko DBHko ikastetxeei, Atakondoako ikasleak ez hartzean espazio gehiago izanen luketelako.
Bitartean, udan, eskola publikoaren patioko fatxada zaharberritzeko lanak eginen dira. Porlan puskak erortzeko aukera zegoen eta lan horiekin hori saihestu nahi da. Udalak 50.000 euro bideratuko ditu, baina %65 departamentuaren diru-laguntzarekin ordainduko du.