Eskorga-kronoigoeren senidetzea

Guaixe 2017ko uzt. 22a, 09:53

Irurtzungo festetan hutsik egin ezin duen ekitaldietako bat da eskorgen-kronoigoera. 1997tik jokatzen da proba kultur etxera daraman aldapan. Hasierako probak bilakaera izan badu ere, gidariak bidaiari bat eskorgan aldapan gora igotzen datza, tarteko trebetasun probak gorabehera. Igandean 19:00etan jokatuko da aurtengo edizioa eta berritasun aipagarria izanen du: Laasko probarekin senidetzea (2010ean Pontevedrako Vila de Crucesekin senidetu ziren). Gainera, hango eskorga apainduak ezagutzeko aukera izanen dute irurtzundarrek eta bisitariek.

Laas Donapaleutik (Nafarroa Behera) gertu dagoen Bearneko herri bat da. Eskorgekin 1983tik ospatzen dute proba bat, agorrilean. Aldaketa etorri zen gerora eta Hiru Ordutako Nazioarteko Lasterketa Handia izena hartu zuen. Dozena erdi kidez osatutako taldeak (lau eramaile eta bi bidaiari) 375 metroko ibilbide batean aritzen dira, hiru orduz. Bai parte-hartzaileak bai gurdiak, gainera, gai baten inguruan apainduak daude. Horregatik, igandean lehiatuko direnei euren gurdiak apaintzera gonbidatu dituzte Pikuxarreko antolatzaileek. Hobekien apaintzen dituen bikoteak Laasko lehiaketan parte hartzeko bidaia irabaziko du.

130 biztanleko herriak Monako eta, batez ere, Andorraren moduko printzerria izan nahi du. Horregatik, 2015eko urte hasieran bere independentzia aldarrikatu zuen. Adierazpen horrek, alde batetik, txantxatik du; bestetik, sustapenetik eta, azkenik, protestatik, besteak beste, nekazaritzari buruzko Europako politikekin kritiko baitira.

Erlazionatuak