Bynho, Edu eta Alex, Osasuna Magnako jokalari berriak

Guaixe 2017ko abu. 28a, 12:51

Imanol Arregi entrenatzaileak 3 urtez sinatu du Xota klubarekin

Aurten Osasuna Magna izena hartuko du Xota klubak. Aurreko urteko denboraldi bikainari segida emateko lanean jarraitzen du klub berdeak eta agorrilaren 14an hiru jokalari berriren aurkezpena egin zuten: Bynho, Alex Llamas eta Edu Sousa izango dira Imanol Arregik zuzentzen duen taldeko hiru jokalari berriak.

Imanol Arregi entrenatzaileak aipatu zuenez, Bynho “oso jokalari azkarra da, mugikortasun handikoa. Gaztea da, baina Brasileko ligan lan ona egin duena. Abilezia handikoa, orain arte ez dugu izan bera bezalako perfila duen jokalaririk eta oso ongi etorriko zaigu”. Bynhok esker oneko hitzak izan zituen: “oso pozik nago, lan ona egiteko gogoz. Taldea honetan ahalik eta hurrunena iristea espero dut”.

Alex Llamas Kataluniatik dator eta 18 urte ditu. “Alex gaztea da eta taldeko erritmora eta mailara egokitzea da dagokiona. Etorkizunean asko emango duen jokalaria izango dela uste dut” azaldu zuen Imanolek. Alexek talde berdeak berarekin izan zuen konfiantza eskertu zuen. “Misterraren konfiantzarekin eta taldekideek egindako harrera onarekin nire egokitzapena errazagoa izango da. Esperientzia hartzea, hori da kontua, eta ditudan minutuak aprobetxatzea” aipatu zuen.

Bukatzeko, Edu Sousa taldeko atezain berria izango da. “Asier atezainaren ondoan asko ikasi dezakedala uste dut. Hobetzea, hori da nahi dudana, eta gutxinaka minutuak lortzea” aipatu zuen Sousak aurkezpenean.

Horrela, Jesulito, Yoshikawa eta Raulen bajak osatu ditu taldeak. Asier, Araça, Rafa Usin, Roberto Martil, Dani Saldise eta Javi Eseverri dira taldeko ezinbesteko jokalariak.

Aurredenboraldia
Egun, Osasuna Magna aurredenboraldian murgilduta dago, lagunarteko partidak jokatzen. Orain arte jokatutakoetan, hiruna berdindu zuen Catgas Energia taldearekin eta bina Rios Renovables Zaragozarekin eta larunbatean lehendabiziko garaipena lortu zuen, Segovia Futsalen kontra (2 eta 3). Asteazkenean, talde berdeak Nafarroako Kopako finalerdia jokatuko du Orkoienen, Kirol Sporten kontra, 20:00etan. Bestalde,  ostiralean Sabadellen kontra ariko da Osasuna Magna, Sabadellen, eta larunbatean Catgas Energia izango du aurkari Manresan.  

Imanol Arregik hiru urte gehiago jarraituko ditu klubean
Zalantzarik gabe, Imanol Arregi entrenatzailea da Osasuna Magnako zurtoin garrantzitsuenetako bat. Aurreko denboraldiko entrenatzailerik onena izendatu zuten Imanol, eta 17 denboraldi egin ditu Xota kluba zuzentzen. Nahiz eta hainbat eskaintza izan, etxeko taldean jarraitzearen hautua egin du irurtzundarrak eta agorrilaren 3an hiru urteko kontratua sinatzea erabaki zuten Imanol Arregik eta Osasuna Magnak.

Ilusioarekin dagoela aitortu zuen entrenatzaileak. “Oso pozik nago, ilusionatuta. Beti bezala, lan handia egiten saiatuko gara, gure taldea ahalik eta goienean egoteko. Hastear dagoen ligarako ongi prestatu dira talde guztiak eta lehia ikusgarria espero da” nabarmendu du irurtzundarrak.

Migel Hernandez bigarren entrenatzaileak Imanolen ondoan jarraituko du lanean, berak ere hiru urtetarako kontratua sinatu baitu klubarekin.

Abonoak eskuragarri
Gaurtik aurrera 2017/2018ko abonoak eskuragarri dituzte Osasuna Magnako zaleak, Iruñean, 18:00etatik 20:00etara, eta Irurtzunen, 12:00etatik 14:00etara. Familia abonoak 100 euro balio ditu, helduenak 50 euro eta gazteenak eta langabetuenak, aldiz, 25 euro. Osasuna Futbol Klubeko bazkideek 10 euroko deskontua izanen dute familiarteko eta helduen abonoan.