Asteburuan hasiko da Lehen Mailako Areto Futboleko liga: ostiralean Osasuna Magna Xotak Santiago Futsal taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:30ean. Aurreko denboraldia ikusgarria izan zen eta hori hobetzea nahiko luke taldeak. “Aurreko denboraldia ikaragarria izan zen, eta oso zaila izango da halako zerbait gainditzea. Badakigu gure zale askoren itxaropenak oso handiak direla, eta guk dena emango dugu helburua lortzeko edo hobetzeko. Gure jokalari guztiak klubeko parte sentitzen dira, koloreak sentitzen dituzte eta ea zaleei poztasunen bat ematen diogun” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.
12 jokalarik osatzen dute Osasuna Magna. 40 urte bete dituen Javier Eseverri da taldeko kapitain handia. Otsagikoak oraindik sasoi betean jarraitzen du. “Aurtengo liga konplikatua izanen da. Hortaz, ezinbestekoa izango da jokalarien, juntaren, babesleen, taldearen eta zaleen arteko batasuna mantentzea” nabarmendu zuen. 12 jokalarietatik hiru irurtzundarrak dira: Asier Llamas atezaina, Roberto Martil atzelaria eta Dani Saldise hegaleko jokalaria.
Santiago Futsal izango da berdeen lehen arerioa. “Santiago Futsal arerio konplikatua da. Lehiaketaren erritmoa hartzea beti kosta egiten da, baina gure helburua beti irabaztea da” nabarmendu zuen Eseverrik.
Liga hastera doan honetan, hoberena opa diogu Osasuna Magnari.
Osasuna Magna 2017/2018
Atezainak: Asier Llamas (Irurtzun) eta Edurado Filipe Sousa (Mirandela, Portugal)
Atzelariak: Araça (Araçatuba, Brasil), victor (Malaga) eta Roberto Martil (Irurtzun).
Hegaleko atzelaria: Javier Eseverri (Otsagi).
Hegalak: Alvarito (Madril), Dani Saldise (Irurtzun), Alex (Bartzelona), Bynho (Recife, Brasil)
Hegaleko pibota: Rafa Usin (Madril)
Pibota: Eric Martel (Bartzelona)
Entrenatzailea: Imanol Arregi