Ostiralean hasi zen Areto Futboleko Lehen Mailako 2017/2018 denboraldia. Xota klubeko taldeak izena estreinatzen zuen, Osasuna Magna. 2.300 zale bildu ziren Anaitasuna pabilioian Santiago Futsalen kontra talde berdeak jokatzen zuen partida ikustera. Eta esan beharra dago estreinua ikusgarria izan zela. Emozioz betetako partidan, 8 eta 5 irabazi zion Imanol Arregiren taldeak Santiago Futsali.
Hasieratik erritmo bizi-bizia izan zuen partidak. Bi taldeek hasieratik sortu zituzten gol aukerak. Horietako batean, Dani Saldise irurtzundarrak Osasuna Magna aurreratu zuen. Segundo gutxira Saldisek bigarrena sartu zuen, eta Roberto Martil irurtzundarrak hirugarrena lortu zuen minutu eskas batera. Eta Victorrek talde berdearen aldeko laugarrena sartu zuen handik gutxira.
Baina Santiago Futsalek bikain erantzun zuen: Catelak eta Armandok sartutako golei esker eta Victorrek ate propioan sartutakoari esker, 4 eta 3 hurbildu ziren Santiagokoak atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatia hasi eta berehala Rafa Usinek Osasuna Magnaren aldeko bosgarren gola egin zuen eta berehala iritsi zen seigarrena, Araçak sartutakoa. Horrela, Santiagokoek atezain-jokalari formula erabiltzea erabaki zuten. Baloia hurruntzera zihoanean, Araçak ate propioan sartu zuen gola eta 6 eta 4 hurbildu ziren galiziarrak, baina handik gutxira egindako akatsa konpondu zuen brasildarrak eta Osasuna Magnaren zazpigarrena sartu zuen. Finalerako bi minuturen faltan, Alex Diz aldageletara bidali zuen arbitroak, eta Eseverrik Osasuna Magnaren zortzigarren gola sartu zuen, penaltiz. Eta partida bukaeran Santiago Futsalek bosgarren gola sartu zuen. Horrela despeditu zen ligako lehen jardunaldi azkar eta ikusgarria.
Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu zuenez, “Santiagoren kontra lortutako 3 puntu hauek liga hasteko oso garrantzitsuak dira”. Bynhoren debutaren inguruan, teknikariak nabarmendu zuen jokalari brasildarrak “asko” emango diola klubari eta “gehiagora” joango dela.
Hurrena, El Pozo
Lehen jardunaldia jokatuta, Levante da liderra (3 puntu), Bartzelona, Movistar Inter, Osasuna Magna eta El Pozo Murciarekin puntutara berdinduta. Eta larunbatean, hain zuzen ere, El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra ariko da Osasuna Magna, 17:30ean, Murtziako Kirol Jauregian (Teledeporte).