Lehen mailako areto futbol Txapelketako oilarretako bat, Inter Movistar, irabazteko zorian izan zen Osasuna Magna Xota taldea. Partida zoragarrian, denboraldian lehen aldiz gorriz jokatu zuen talde berdeak oso estu hartu zuen Inter Movistar ahaltsua. Bukaerara 2 eta 1eko aldea ateratzen zuten nafarrek, baina madrildarrek bina berdintzea lortu zuten partida bukaeran.
3.000 zalek goraino bete zuten Anaitasuna pabilioia ostiralean Osasuna Magnak Inter Movistarren kontra zuen partidan talde nafarrari babesa azaltzeko. Hasieratik primerako ikuskizuna eskaini zuten bi taldeek, erritmo oso bizian abiatu baitzuten partida. Interrek hartu zuen kontrola, baina Osasuna Magna izan zen markagailuan aurreratu zena, Victorrek sartutako golari esker. Hortik aurrera, nafarrek hartu zuten nagusitasuna. Inter Movistarrek bana berdindu zuen, baina Roberto Martilek gola sartu eta Movistar Inter aurreratu egin zen.
Bigarren zatian gol aukera gehiago izan zituzten bi taldeek eta bi atezainek lan handia izan zuten. Partida bukatzeko hiru minuturen faltan, Inter Movistarrek atezain-jokalariaren figura erabili zuen eta handik gutxira Ricardinhok binako berdinketaren gola sartu zuen Inter Movistarrendako.
“Partida oso ona egin dugu, aurrean egon gara partida ia gehienean, baina Inter Movistarren plantilla bikainak eta jokalari onek gauzak orekatzen dituzte. Horregatik, berdinketari bere balioa eman behar zaio” azaldu zuen Eseverri kapitainak. “Pixkat gehiagorekin, 3 puntuak lortuko genituzke” gaineratu zuen.
Igandean Rios Renovables Zaragoza aurkari
Lehen mailako sailkapenean Barcelona Lassa da liderra (9 puntu). Osasuna Magna hirugarrena da (7 puntu). Igandean Zaragozan jokatuko du talde berdeak, sailkapenean 4 punturekin 9.a den Rios Renovables Zaragozaren kontra, 12:00etan.