Bi alaben amaren itzala

Guaixe 2017ko urr. 6a, 11:25

Cuaderno blanco antzezlana jokatuko du Hika teatrok gaur, 21:00etan, Irurtzungo kultur etxean.

Etxeko andre gogor eta zirikatzailea, tradizioaren defendatzaile itsuak eta elizkoi amorratuak. Bizitza eman eta bizitza bizitzen uzten ez zuen ama agintariak. Berak sentimenduak azaltzeari ahuldadea deitzen diona, eta gizartearen aurrean beti tente, garbi eta ohoretsu agertzea, zoriontsu izatea baino garrantzitsuagoa irizten zion. Amarekiko zilbor-hestea etetea ez da pauso erraza izanen.

Amak alabengan, Begoña eta Arrate, arrasto sakonak eta hautsi ezinak utzi ditu. Lehenak aurre egin eta borroka egin du. Bigarrena, berriz, esanekoa izan zen, amaren maitasuna eskuratzeko. Hilda egon arren, amak agintzen jarraitzen duelako haien bihotzetan. Hilda egon arren.

Istorioa
20 urteren ondoren bi ahizpek jaiotetxean bat egin dute, ustekabean. Begoña urte luzez Afrikan bizi izan da, amarengandik ihesi. Ekaitz egun batean, abortu baten ondorioz bizitza hankartetik zihoakiola konturatu zenean. Arrate, berriz, etxean geratu zen amaren itzalean. Lanbidez, familia medikua da eta itxura batean, zoriontsu bizi da. Ezkonduta dago eta bi alaba ditu.

Bi hamarkadaren ondoren, ahizpak elkarri kontu eske hasiko zaizkio. Ezer gutxi dakite amak batengan eta bestearengan utzitako arrastoez. Nahikoa lan izan du bakoitzak bere bizitza eraikitzen. Nahikoa lan bizitzen. Gatazka eta emozioa; familiaren pisua, bakardadea, itxurak gordetzea, erlijioaren indarra, maitasun nahia, askatasun egarria, abortua, genero askatasuna, literatura. Minaren poetika taula gainean. Eta umorea, egoera tragikoak barregarri bihurtzen duena. Tragikomedia, beraz. Freskotasuna eta arnasa Arrateren bi pazientek ematen diote.

Fitxa
Egileak: Arantxa Iturbe, Agurtzane Intxaurraga
Ane Sextonen olerkiaren itzulpena: Harkaitz Cano (Susa Argitaletxea)

Antzezleak:
Itziar Ituño: Arrate
Miren Gojenola: Begoña / Gaixoa 1 / Gaixoa 2
Agurtzane Intxaurraga: Ama / Brijida / Manipulatzailea
Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga

Antzerki zikloa
Irurtzunen lastailean antzerkiarekin hitzordu finko bat du. Izan ere, aspalditik antzerki zikloa antolatzen da hilabete horretan. Aurtengoa Hika teatroren gaurko emanaldiak zabalduko du. Lastailaren 14an, larunbatean, Txalo produkzioak Jainko Basatia komedia dramatikoa ekarriko du Irurtzunera. Zikloa La Estamparen Las princesas del pacífico obrak itxiko du lastailaren 22an, igandean.