Igandean lehen mailako areto futboleko ligako 4. jardunaldiko partida jokatu zuen Osasuna Magnak Zaragozan, Rios Renovables Zaragozaren kontra. Partida oso lehiatua izan zen, bukaerara arte, baina hiru puntuak Irurtzunera ekarri zituzten jokalari berdeek, Zaragozari 2 eta 4 irabazita.
Alvaritok Osasuna Magnaren aldeko lehen gola sartu zuen, 9. minutuan, talde berdearen kontraeraso bikaina borobilduz, baina handik gutxira Zaragozak berdindu egin zuen. Talde berdeak bikain erantzun zuen, minutu eskasera Dani Saldisek Osasuna Magnaren bigarrena sartu baitzuen. Eta Imanol Arregiren taldeak alde gehiago atera zuen, Zaragozako Ortegok ate propioan gola sartu baitzuen. Jokaldi nahasiak iritsi ziren ondoren, eta epaileak Anás eta Bynho jokalariak aldageletara bidali zituen.
Bigarren zatian, aldea ez zutela murrizten ikusita, atezain jokalari formula erabili zuen Zaragozak. Horrela, bigarren gola sartuta 2 eta 3 gerturatu ziren markagailuan, baina Roberto Martil irurtzundarrak partida erabaki zuen, laugarren golarekin.
2 eta 4 irabazita, beste 3 puntu oso garrantzitsu irabazi ditu Osasuna Magnak eta oraindik ez du partidarik galdu. “Taldea oso ongi egon da defentsan, gol aukerak sortu genituen eta nahiz eta partida oso ikusgarria ez izan, praktikoa izan zen eta partida bideratzen jakin genuen, hiru puntuak ekartzeko” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. “Finean, garaipen justua lortu genuen, pista oso konplikatuan” ondorioztatu zuen teknikari irurtzundarrak.
Ostiralean Gran Canaria aurkari
Gauzak horrela, Bartzelona da liderra (15 puntu) eta Osasuna Magna hirugarrena da (10 puntu). Ligako hurrengo partida ostiralean jokatuko dute berdeek, etxean, Anaitasunan, 3 punturekin sailkapenean 13.a den Gran Canaria taldearen kontra, 20:30ean.