Gauzak bikain doazkio Juanma Olias pilotu irurtzundarrari. Aurten CEV edo Espainiako Abiadura Txapelketaren barruan antolatu den European Kawasaki Z Cup Txapelketan lehiatzen ari da irurtzundarra, izen bereko motorrarekin, Kawasaki Z 900 moto berriarekin. Kopa honetan 15 pilotu lehiatzen ari dira eta 6 proba dituzte. Dagoeneko 5 jokatu dira: apirilaren 29an eta 30ean Albaceten (lasterketa bikoitza), ekainaren 18an, Bartzelonako Montmelón eta urriaren 7an eta 8an, Alcañizen jokatutako lasterketa bikoitza. Txapelketan puntuatzen duen azken proba azaroaren 19an jokatuko da, Valentzian. Behetik gora: hirugarrena eta bigarrena Alcañizeko Motorland zirkuitura sailkapen orokorrean 29 punturekin seigarrena zela iritsi zen Olias. Ostiralean entrenamenduak izan zituen, seigarren denborarik onena egin zuen eta eta larunbatean eta igandean jokatuko ziren lasterketetarako irteera postua zehaztu zuen: seigarren tokitik ekingo zien bi probei.
Larunbateko lasterketa oso lehiatua izan zen. Seigarren tokitik aterata, izugarri borrokatu zuen eta hirugarren postuan despeditu zuen lasterketa, primerako lana egin eta gero. Horrek igandeko probarako airea eman zion eta Irurtzungoak emaitza oraindik hobetzea lortu zuen. Seigarrena aterata, borroka bizia izan zuen beste pilotuekin eta, azkenean, bigarren postuan bukatu zuen.
European Kawasaki Z Cup Txapelketako sailkapen orokorrean Raul Martinez da liderra (115 puntu), Joan Sardanyons eta Javier Valera bigarrena eta hirugarrena, biak 81 punturekin, eta Juanma Olias laugarrena, 65 punturekin. Txapelketako azken proba azaroaren 19an jokatuko da, Chesten (Valentzia), podiuma zapatzea, bigarrena edo hirugarrena sailkatzea, du jokoan Oliasek. Ea zortea lagun duen.