Egunotan jokatu da Areto Futboleko Errege Kopako lehen jardunaldia, final hamaseirenak. Osasuna Magnak 2. mailako Manzanares taldea izan zuen arerio, Ciudad Realen. Egungo Errege Kopako txapeldunordea da Osasuna Magna, baina Manzanaresek ez zizkion gauzak erraz jarri. Horren isla, bi aldiz aurreratu ziren berdeak baina bitan berdintzea lortu zuen Manzanaresek.
Araçak sartu zuen lehen gola, baina Ciudad Realekoek ongi erantzun zuten eta bana berdindu zuten. Handik minutu batzuetara Rafa Usinek Osasuna Magnaren bigarrena sartu zuen, baina atsedenaldia baino lehen berdindu zuen Manzanaresek. Bigarren zatian Imanol Arregiren taldeari sorpresa ematera atera ziren Ciudad Realekoak, baina Bynhok eta Alvaritok euren asmo guztiak zapuztu zituzten eta 2 eta 4 irabazi zuen Osasuna Magnak, Errege Kopan aurrera eginez.