Haurren gatazka gurasoena bihurtzen denean

Guaixe 2017ko urr. 13a, 14:10

Irurtzungo antzerki zikloaren bigarren emanaldia Txalo produkzioak-en Jainko basatia izanen da, larunbatean, 20:00etan, kultur etxean.

Yasmina Reza idazle, aktore, nobelagile eta dramaturgo frantziarraren komedia dramatikoa euskarara ekarri du Martin Agirrek. Antzezlan horretan bi bikote ezkondu elkartzen dira euren seme-alaben arteko liskarrak konpontzeko asmotan; izan ere, bikote baten semeak besteari eraso egin dio. Giza-legez eta edukazio handiz abiatu den bilerak beste bide bat hartuko du, elkarri kristonak eta bi esaten hasten direnean, bata eta besteen frustrazio eta mixeriak azalduz.

Ane, (Aitziber Garmendia) Alexen emaztea da eta banku baten egiten du lan. Emakume lasaia dirudi, baketsua, alkoholaren aparretan murgiltzen den arte. Alex (Mikel Losada) arrakasta handiko abokatu gaztea da, zintzoa, burlatia, zuzena eta mugikorrik izan ezean, galduta dabilen horietakoa.

Xanti (Andoni Agirregomezkorta) Veronikaren senarra da. Burdingilea, gizon lasaia eta emaztearen gonapean bizi dena, bileran zehar lehertzen den arte. Emaztearen kontra egingo du bere alderdi ilun eta arranguratsuak erakutsiz. Veronika (Tessa Andonegi) kultura handiko etxekoandre aurrerakoia da. Tragu pare bat hartuz gero itxuraldatu eta erresumindu egiten da, bere frustrazio guztiak azaleratuz. Laurak Begoña Bilbao Lejarzegik zuzenduta ariko dira.